'D3M eta Askatasuna auzia'. Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Garai berriekin bat ez datorren epaiketa dela salatu dute

Hainbat lagun joan dira Madrilera auzipetuei babesa ematera; haien artean, alderdietako ordezkariak ere baiEpaiketa politikoa dela salatu dute, eta egoera «larria» eta «onartezina» dela

Auzipetuei babesa ematera joandako ordezkari politikoak, atzo, Auzitegi Nazionalean. THOR CASTRO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
D3M eta Askatasuna auzian epaitzen ari diren 13 lagunei elkartasuna adieraztera hainbat lagun joan ziren atzo Madrilera, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henares herrian duen egoitzara. Autobusean joan ziren gehienak, eta txaloka eman zizkieten animoak epaituei, auzitegira sartu zirenean. Adarra ere jo zuen batek.

Herritarren artean, ordezkari politikoak ere bazeuden. Ezker abertzaleko Pernando Barrena eta Joseba Permach joan ziren, esate baterako, EAko Pello Urizar, Alternatibako Oskar Matute eta Aralarreko Jon Salaberria. Epaiketa hasi aurretik, gertatzera zihoana «larria» zela salatu zuten guztiek, eta ez datorrela bat Euskal Herrian den garai politikoarekin. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria ere han zen.

Egiten ari diren epaiketa erabat politikoa dela salatu zuen Pernando Barrenak. Politika egiteagatik ari direla epaitzen 13 lagunak, eta hori, «Euskal Herrian den garai politikoa, tempus politikoa sortu dutenen aurka» egingo dela. «Hauteskunde plataforma bat sortzeko delitu larriagatik epaitzen ari dira». Hala, ohartarazi zuen «norbaitek» azalpenak eman beharko lituzkeela «zuzenbide estatu batean herritarrak epaitzen direlako hauteskunde plataforma bat osatzeagatik».

Barrenaren ustez, epaiketak argi erakusten du «batzuek» ez dutela «gauzak aldatzeko inolako gogorik». Nolanahi ere, sinetsita dago «presio politikoz eta presio mobilizatzailez» gauzak alda daitezkeela, eta, horregatik, bihar Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin zien herritarrei.

Pello Urizar EAko idazkari nagusia ere Madrilen izan zen, eta salatu zuen epaiketa «dena ETA dela dioen argudio zaharra erabiliz» ari direla egiten. Kezkagarritzat jo du «garai berrietara iristeko» lan egin dutenak epaitzea, «konpromiso pertsonala» hartu dutenak epaitzea. Urizarren iritzian, iraganeko formulei jarraitzen die epaiketak, baina, «iraganeko egoera baten azkeneko kolpeak» direla uste du: «Aldaketa onartu nahi ez dutenenen azkeneko kolpeak». Euskal gizarteak argudio horiek gaindituta dauzkala nabarmendu zuen, eta egoera gainditzearen alde lan egingo duela aurreikusi zuen: «Inplikatuko da».

Alternatibako bozeramaile Oskar Matuterentzat ere, garaiz kanpo dago epaiketa. «Euskal Herrian den garaiarekin ez dator bat». Haren ustez, horrek erakusten du «Espainiako justizia sistemaren ahultasuna, Espainian demokrazia eskasa» arnasten dela. Epaiketak «iraganean iltzatutako estrategia bati» jarraitzen diola salatu zuen, eta euskal gizarteak eskatzen duenari bizkar ematen diola. Gizarteak Espainiari «jarrera proaktiboa» eskatzen diola nabarmendu zuen, eta hori ez dela egiten «konfrontazio demokratikora iristeko lan egin dutenentzako espetxe zigorrak eskatuta». Matuteren iritzian, epaiketa hau oztopoa da bake eta elkarbizitza prozesuan aurrera egiteko. «Gizartea motor eta protagonista izatea nahi badugu, jaramon egin behar diogu gizarteari, eta baita PPk ere».

Aralarren zuzendaritzako kide Jon Salaberriaren iritzian, berriz, «astakeria antidemokratikoa» da epaiketa. «Politikan parte hartu nahi izan dutelako epaituko dituzte, beren eskubide zibil eta politikoak erabiltzeagatik». Onartezina dela esan du. Hala, «epaiketa politikoak, Auzitegi Nazionala eta baliatzen dituzten salbuespen legeak soberan daudenez, desagertu egin behar lukete. Antidemokratikoak dira, eta oztopoak gaur eguneko bake eta demokraziarako prozesuan», esan du.

Gaur ordezkari sindikalak

Atzoko auzi saioan ordezkari politikoen babesa eta elkartasuna izan zuten D3M eta Askatasuneko auzipetuek, eta gaur ordezkari sindikalena edukitzea espero da.

ELAk eta LABek ohar banatan jakinarazi zutenez, Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak auzitegian izango dira gaur. Auzia bertan behera uzteko eskatu du ELAk oharrean, eta «partaidetza politikorako eskubidea» urratzen dela salatu du. LABek ere salatu du auzia, etaohartarazi du parte hartze politikorako eskubidea ezin dela inor zigortzeko arrazoi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.