Zentsura

Garean elkarteak ziurtatu du otsailaren 5ean izango dela Lizarran Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna

Lizarrako Udalak kiroldegia ukatu die pailazoei, kirol jarduerek lehentasuna dutela argudiatuz. Hamar urte daramate pailazoek euren ikuskizuna egiten Lizarran, eta, oraindik zehazki non egingo duten ez badakite ere, egingo dela diote.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Bizi dantza' ikuskizuna. ARITZ LOIOLA / FOKU
Erredakzioa
2020ko urtarrilaren 22a
18:18
Entzun

Pirritx, Porrotx eta Marimotots hirukoteak Navarra Sumarekin egin du topo berriz. Oraingoan, Lizarran gertatu da. Garean Euskaldunon Elkarteak otsailaren 5erako zuen eskatuta kiroldegia, azken hamar urteotan bezala pailazoen ikuskizuna egiteko. Udalak, lehen aldiz, ukatu egin die baimena.

Elkarteak bere kotarro.eus gunean kontatu duenez, urriaren 31n egin zuten eskaera ofiziala Udaleko erregistroan, urtero egiten duen legez. «Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizi Dantza ikuskizuna antolatzeko asmoa adierazten genuen». Aurrematrikulazio garaian egiten du emanaldia elkarteak, gurasoak animatzeko haurrak euskal ereduetan matrikulatzera.

Dagoeneko hamaika urtez egin dute emanaldia, eta horietako azken hamarrak Lizarrerria kiroldegian. «Ikusle kopuruarengatik eta azpiegituraren kokapenarengatik zein ezaugarriengatik» aukerarik «onena» delakoan.

Adierazi dutenez, emanaldi bakoitzean 700 ikusle inguru bildu dituzte azken urteotan. Lizarrak 13.800 biztanle pasatxo ditu.

Elkarteak adierazi duenez, atzo jaso zuten Udalaren erantzuna, gaztelera hutsez. Gonzalo Fuentes Urriza buru duen udalak ukatu egin die kiroldegia otsailaren 4an eta 5ean, «kirol entrenamenduak daudelako». Garean elkartekoek esan dute harrituta daudela: «Urtero bezala, kiroldegia kudeatzen duen enpresaren aldetik eta bertan entrenatzen diren kirol taldeen aldetik ez baitugu inolako eragozpenen berririk jaso». Euskaltzaleak bildu egin dira, eta erabaki bat hartu dute: udalari bilera eskatuko diote erabakia berriz azter dezan, edo, bestela, ikuskizuna egiteko «alternatiba» bat eman dezan.

Alkatearen jarrera gorabehera, Garean elkarteak honako hau hitzeman die Lizarraldeko haurrei, gurasoei eta pailazoei: «Zalantzarik ez, otsailaren 5ean, 17:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizi Dantza hemen izanen da, hemen zehazki non den oraindik jakin ez arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.