Espaniako Poliziaren arabera, hilaren 24an, arratsaldeko lauak inguruan, Madrilgo Chamartingo tren geltokian lehertzeko prestatua zegoen lehergailua sartu nahi zuten Arruartek eta Loranek Donostiatik Madrilera zihoan tren batean. Halaber, trenbideetan —Zaragozatik (Aragoi) Altsasurako (Nafarroa) lerroan, zein Teruelgo (Aragoi) Samper de Calancra herri parean— lehergaiak jarri izana leporatzen diete. Nolanahi ere, Arruarte eta Loran aurretik atxilotu zituztenez, leherketa horiek guztiak eragoztea lortu zutela dio Espainiako Poliziak.
Trenbideetako atentatu saio horiez gain, atxilotu biek beste zenbaitekin zerikusia dutenetz ikerktzen ari da Polizia; hala nola, iragan maiatzaren 30ean Zangozan (Nafarroa) Espainiako Poliziako bi kide hil zituztenak ote diren, zein uztailaren 13an Iruñeko Maisonnave Hotelean lehertu zen bonba eurek jarri ote zuten.
Atxiloketak
Garikoitz Arruarte eta Gorka Loran espetxeratzeko agindu du Ruiz Polanco epaileak
Ignacio Gordillo fiskalak hala eskatuta, Gorka Loran eta Garikoitz Arruarte espetxeratzeko agindu du Guillermo Ruiz Polanco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Loran eta Arruarte joan den asteazkenean, Gabon egunean, atxilotu zituen Espainiako Poliziak Hernanin eta Donostian, eta bost egunez inkomunikatuta egon ostean, gaur pasa dira epailearen aurretik. Inkomunikatuta, ofizioko abokatuarekin, egin dute agerraldia, eta batak zein besteak uko egin diote deklaratzeari. ETAko kide izatea, eta, besteak beste, Madrilgo Chamartingo tren geltokian atentatua egin nahi izatea leporatzen diete bi gazte horiei. 180na hilketa saio —ustez lehergailua ezarri nahi zuten trenean zihoazen bidaiari adina— egotzi die epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu