Energia nuklearra. Garoñako zentrala

Garoñak ur isurketen araudia urratzen duela salatu dute

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Nuclenorri isurketak egiteko baimena kendu ezean auzitara joko du GreenpeacekZentralak hozteko gaitasunik ez duela ohartarazi du elkarte ekologistak

Arriagatik Euskadi plazarako bidea egin zuten manifestariek, eta energia nuklearraren arriskuez ohartarazi zuten bertan, Iberdrolaren dorretzarraren parean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Garoñako zentral nuklearrak (Burgos, Espainia) Ebro ibaira egiten dituen ur isurketek ez dute betetzen EKH Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren araudia, Greenpeacek jakinarazi duenez. Zentrala hozteko erabilitako uraren isuriak ibaiko uretan 15,7 graduren aldea eragitera hel daitezkeela ohartarazi du, eta araudiak gehienez hiru graduren aldea baino ez duela onesten.

Datu horiek berresten dituzten bi txosten aurkeztu zituen atzo Gasteizen Carlos Bravok, Greenpeacek energia nuklearraren arloan duen arduradunak. Otsailean egindako tenperatura neurketekin egidakoa da lehen txostena, eta bigarrena, maiatzeko datuekin atondutakoa; lehendabizikoaren ondorioak berretsi dituela azaldu du Bravok. Horiek aintzat hartuta, Garoñako zentralaren ur isuriak egiteko baimena bertan behera utzi eta zentrala ixteko eskatu die EKHri eta Espainiako Ingurumen Ministerioari. Horrelako erabakirik ikusi ezean, Greenpeacek auzitara joko duela iragarri du.

Garoñako zentral nuklearrak Ebro ibaiko ura «baimendutakoaren gainetik» berotzen duela gogorarazi du Bravok, eta zentrala hozteko erabiltzen den uraren isuriak direla horren zioa. Lehen txosteneko datuak Garoña martxan zegoela hartu ziren; ibaian gora Frias herrirantz (Burgos, Espainia) eta ibaian behera Sobrongo urtegirantz. Bigarren txosteneko datuak maiatzaren 1etik 28ra arte hartu ziren, zentralaren erregaia aldatzeko egindako geldialdian, eta tenperaturen «normalizazioa» erakusten dutela nabarmendu du Bravok.

Gradu bat kilometroko

Bigarren ikerketa honetan, lehen neurketa puntutik zazpigarrenera 4,5 graduko igoera atzeman zuten, 0,31 gradukoa kilometro bakoitzeko. Otsaileko neurketetan, berriz, zentrala martxan zegoen sasoian, 14,5 graduren aldea neurtu zuten bi puntu horien artean, 0,97 gradurena kilometro bakoitzeko.

Azken azterketaren datuak bat datoz urtaroaren eta ibaiaren baldintzekin, Greenpeacek eskatuta Anbiotek enpresak egin duen irakurketaren arabera. «Ura mantsoago doa eremu horretan, eta eguzkiak ura berotzen lagundu zuen», azaldu du Bravok. Ordea, otsaileko datuetan zentral nuklearraren eragina «argia» zela gogorarazi du Bravok. Hain zuzen ere, zentrala hozteko ura Ebrotik zuzenean hartzen dute, eta bertara isurtzen dute gero. «Egunean 25.000 litro ur behar ditu».

Bide batez, gogorarazi du zentrala martxan dagoenean isurtzen duen ur beroak ez duela soilik zentrala dagoen puntutik behera doan ibai zatian eragiten. Ibaian gora ere egiten du gora tenperaturak, Greenpeacek aurkeztutako txostenaren datuen arabera. Horren guztiaren ondorioz «egoera normaletan ezohikotzat» joko liratekeen tenperaturak daudela azaldu du Bravok. Otsaileko datuen arabera, lehen neurketa puntuan 6,5 graduko tenperatura zuen urak, 18,5 gradu seigarrenean eta 24,3 zazpigarrenean, zentralak ur beroaren isuria egiten duen tokian zehazki.

Ur isurketek Ebro ibaian duten eragina aztertzen ari da Greenpeace orain. Lehen emaitzen arabera, tenperaturaren igoerak bertako espezieei kalte egiten diela ohartarazi du Bravok. Tenperatura aldaketen aurrean «oso sentikorrak» direla azaldu du. Horrez gain, kanpoko espezieen ugaritzean ere eragiten du tenperaturen igoerak, eta espezie horiek bertokoak jaten dituztela gaineratu du.

«EKHk ezikusiarena egin du»

Datuen berri emateaz gain, EKHren eta Espainiako Ingurumen Ministerioaren jokabidea gogor kritikatu du Bravok. Konfederazio Hidrografikoak Ebro ibaiaren zati horren neurketak Nuclenorren esku uzten duela gogorarazi du, eta, Nuclenorren azterketen arabera, tenperaturek araudia betetzen dute. «Ezohiko gertaerak ematen dira Nuclenorren azterketetan, zentralak ura botatzen duen tokian ura hotzago baitago».

Ebro ibaiaren kudeaketaren erantzukizuna du EKHk, eta ibaiaren egoera zehazteko neurketak zentralaren jabearen esku uztea irmo kritikatu du Bravok. «EKHk ezikusiarena egin du; bezeroari nahi duena egiten uztea onartezina da». Orain arteko irizpidea aldatu, eta bere kabuz neurketak hartzeko agindu dio, eta Nuclenorrekin 2007an sinatutako isurketa baimena urratzen bada, bertan behera uzteko eskatu dio.

Gai aski garrantzitsua dela gogorarazi du Greenpeacek, zentral nuklearrak ibaian eragiten duen kaltea bere burua hozteko dituen zailtasunen ondorioa delako. «Zentralak ez du bere burua hozteko gaitasunik araudia errespetatuz; hortaz, bi aukera daude: edo gelditzen dute edo hozte dorre bat eraikitzen dute». Bigarren aukera hori ez dela berria jakinarazi du Bravok, Ingurumen Ministerioak berak proposatu izan zuelako Garoñaren gabeziei aurre egin ahal izateko. Ordea, zentralaren ustiapen baimena aztertzerakoan txosten hori ez zela kontuan hartu kritikatu du Greenpeacek.

Zentrala hozteko zailtasunak aintzat hartzeko arazoak direla nabarmendu du Bravok. Larriak. Japonian, Fukushimako zentralean gertatutako arazoak, esaterako, erreaktorea hozteko ezintasunen ondorioz sortu ziren. «Nuclenorrek ezin du zentralaren hoztea bermatu ezta baldintza normaletan ere; zer gertatuko litzateke larrialdi egoera batean?». Zentrala hozteko ura ibaitik bertatik hartzea arazo iturri dela nabarmendu du Bravok, ur jarioan beherakada edota tenperatura igoko balitz zentralaren hoztea ezbaian geratuko litzatekeelako. Lehendik izan dira arazoak; 2006an zentrala gelditu behar izan zuten zio horren ondorioz.

Horrez gain, zentrala ibaiaren meandro batean egotea ere arriskutsua dela gogorarazi du, ibaiak gora egin edo presa bat apurtuko balitz urpean geldi daitekeelako. AEBetan, Nebraskako Fort Calhoungo zentral nuklearrean hori bera gertatzen ari dela gaineratu du. Missouri ibaiak gora egin zuen presa bat apurtu ostean, eta, besteak beste, erabilitako erregaiaren biltegia hozteko sistema kontrolatzen duen aretoan sute txiki bat eragin zuen.

Luzapenaren epaia, aurki

Azkenik, Garoñako zentralaren ustiapen baimenari buruzko epaia aurki jakinaraziko dela aurreratu du Bravok. Espainiako Gobernuak 2013ra arteko baimena eman zion Nuclenorri, baina enpresak erabakiaren aurka egin zuen CSN Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluaren arabera 2019ra arte lan egiteko moduan dagoela argudiatuta. Greenpeacek eta Ecologistas en Accionek ere auzitara jo zuten, zentrala lehenago ixteko eskatuz, eta luzapena arrazoitua ez zegoela argudiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.