Garoñako zentrala Fukushimakoarekin ezin dela parekatu dio Roigek

Nafarroako Gobernuko Enplegu kontseilariaren arabera, arduragabekeria litzateke «daturik gabe» Garoñako zentrala ixtea

Erredakzioa
Iruñea
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Parekatu ezinak dira». Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) eta berriki istripu larria izan duen Fukushimakoa (Japonia) tankera bereko zentralak badira ere, beren testuingurua aski ezberdina dela nabarmendu du Nafarroa Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilari Jose Maria Roigek. Horregatik, baretu egin nahi izan ditu egunotan Garoñako zentrala ixteko eskatuz entzun diren ahots ugariak. «Arduragabekeria litzateke, daturik gabe, gogoetarik gabe, jakin gabe, ikerketa sakonik gauzatu gabe, zentrala itxi behar dela ondorioztatzea».

Roigek, IU-NEB Nafarroako Ezker Batuko parlamentari Ion Errok egindako galdera bati erantzunez hitz egin zuen atzo Nafarroako Parlamentuan. Nafarroako Gobernuak auzi horretan duen jarrera argitzeko eskatu zion Errok, eta erantzuna aratza izan zen: UPNk zuzentzen duen gobernuak, oraingoz, ez du itxieraren aldeko keinurik txikiena ere egingo. «Itxierari sostengua emateak hertsi egingo dela erran nahi du».

Roigen arabera, foru gobernuak begi onez hartu du orain arte Espainiako Gobernuak auziaren inguruan plazaratu duen jarrera. «Zapaterok jakinarazi du Espainian zentral nuklearrek duten segurtasunari buruz azterketa sakon bat egin behar dela; logikoa da emaitza horien zain geratzea. Orduan emango du Nafarroako Gobernuak gai horren inguruan duen iritzia».

Nafarroak energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin duela gogorarazi du kontseilariak. «Egun, Nafarroako energia elektrikoaren %81 iturri horietatik dator, eta energia planean kopuru hori %110era igo nahi dugu». Espainiako Estatuko datuei begira, ordea, errealitatea bestelakoa dela ohartarazi du, eta horren arabera jokatu behar dela etorkizunera begira hartu beharreko erabakiak zehazteko. «Garoña ixteak erran nahi luke energia berriztagarrien Nafarroa eta erdi sortu beharko genukeela».

NEBren ustez, «ausarkeria»

IU-NEBek proposatuta, Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzordean Garoñako zentrala ixteari buruzko bi puntu bozkatu zituzten astelehenean, eta atzera bota zituzten; UPNk, PSNk eta CDNk kontrako botoa eman zuten.

Jose Maria Roigen hitzak gogor gaitzetsi zituen atzo Ion Errok Nafarroako Parlamentuan. «Ausarkeria dira. Nafarroako hainbat udalerritatik 70 kilometrora dagoen zentral bati buruz ari gara». Jarrera «ausartagoa» eskatu zion foru gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.