Garoñari zortzi hilabete geratzen zaizkio

Zentral nuklearra itxi aurretik aurkeztu behar zituen txostenak eman dizkio, dagoeneko, Nuclenorrek CSNri

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Aurrera edo atzera egiteko, zortzi hilabete geratzen zaizkio Santa Maria de Garoñako zentral nuklearrari (Burgos, Espainia). Nuclenorrek, herenegun aurreratu bezala, zentrala ixteko aurkeztu behar zituen txosten teknikoak aurkeztu ditu. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren eskuetan daude atzo eguerdiaz geroztik. Nuclenorrek —Garoñaren jabeak, zeina Iberdrola eta Endesak osatzen duten erdibana— herenegun ziurtatu zuen Espainiako Gobernuarekin negoziatzen ari dela zentralaren geroaz, eta orain txosten teknikoak aurkezteak ez duela esan nahi uztailean itxi egingo denik. CSNk, ordea, berretsi egin du zentral nuklearrak uztailaren 6an eten beharko duela bere jarduera, orain indarrean dagoen aginduaren arabera.

Nuclenorrek aurkeztutako txostenaren arabera, enpresa egingo da zentralaren kargu erregaia gelditzen zaion artean. Behin amaitutakoan, Enresa enpresa publikoak hartuko du bere gain. Izan ere, Enresa da hondakin nuklearrez eta zentral nuklearrak desmuntatzeaz arduratzen den erakundea.Administrazio publikoa arduratuko da, beraz, zentrala desmuntatzeaz a.

Garoña desmuntatzeko aurreko urratsak nola egingo diren zehaztu du, beraz, Nuclenorrek. Lan horietan zenbat langilek esku hartu beharko duten, eta nolako trebakuntza izan beharko duten ere zehaztu du, baita zentralak zer segurtasun neurri zaindu beharko dituen ere desmuntatze lanek irauten duten bitartean. Nuclenorrek orain aurkeztu zituen txostenak, baina Enresak iazko abenduan prestatu zituen Garoña ixteko plangintzak.

Hurrengo urratsak ere zehaztu ditu CSNk: «Behin urrats administratiboa eginda, CSNko zuzendaritza teknikoek aztertu egingo dute Nuclenorrek bidalitako informazioa». Azterketa bukatutakoan, CSNren kontseiluari bidaliko diote txostena. Oniritzia emandakoan, Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioari igorriko dizkio CSNk.

Argi hitz egin du CSNk: «Indarrean dagoen ministerioaren aginduaren arabera (2009ko uztailaren 3an onartu zena), Santa Maria de Garoñak 2013ko uztailaren 6an etengo du bere jarduera». Nuclenorrek, ordea, horiek guztiak administrazio urratsak direla ñabartu du. Zentralak 2019 arte lanean jarraitzeko helburuari eusten diola errepikatu zuen herenegun.

Garoña 2013an ixteko agindua eman zuen PSOEren gobernuak 2009an. PPren gobernuak, baina, bertan behera utzi zuen agindu hori aurten, eta Nuclenorri aukera eman zion baimena eskatzeko, 2019 arte lanean jarraitzeko. Nuclenorrek ez zuen baimenik eskatu, epea igarota. Horren ostean, irailaren 12an, ixteko txostenak eskatu zizkion CSNk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.