Andueza garraio publikoa sustatzearen alde agertu da

Pradalesen ustez, inkestek erakusten dute herritarrek «gobernu alderditzat» jotzen dutela EAJ. Gorrotxategik, berriz, klima aldaketari buruzko legea kritikatu du.

Eneko Andueza
Eneko Andueza, Donostian egindako jardunaldietan. AMAYA DIAZ ENPARANZA
gotzon hermosilla
2024ko otsailaren 10a
16:30
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egingo diren oraindik jakinarazi ez duten arren, alderdiak buru-belarri ari dira hauteskunde programak aurkezten eta boz usaineko ekitaldiak antolatzen. PSE-EEk, esaterako, jardunaldiak egin ditu Donostian mugikortasunaren arloko bere proposamenak aurkezteko, eta, han, Eneko Andueza lehendakarigai sozialista garraio publikoa sustatzearen alde azaldu da. Esan duenez, beharrezkoa da herritarren ohiturak aldatzea, eta «konpromiso pertsonala» ere ezinbestekoa da, baina «politikak» konpromiso horri lagundu behar dio, bidea erraztuko duten neurrien bidez.

Anduezaren iritziz, mugitzeko moldeak aldatu behar dira, eta esparru horretan egiten diren urrats guztiek «jasangarritasunarekin eta energia trantsizioarekin» bat egin behar dute. Haren esanetan, garraio publikoa sustatzea, jasangarriagoa izateaz gain, «gizartearen kohesioa» indartzeko bidea ere bada: «Auto partikularrak ahalegin ekonomiko handia eskatzen du, gehiago kutsatzeaz gain, eta familia askok ezin dute horrelakorik egin. Garraio publikoak, aldiz, denok berdintzen gaitu, eta denen eskura jartzen du mugitzeko molde eraginkorrago eta garbiagoa».

Anduezaren aburuz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio publikoaren sistema «zabala» da, eta «kalitatezko zerbitzua» eskaintzen du: «Herritarrek hala irizten diote». Hala ere, neurri gehiago proposatu ditu «garraio sistema jasangarriago, eraginkorrago eta erabilgarriago» lortzeko, hala nola tarifak integratzea, intermodalitatea sustatzea, eta garraiobide batetik beste batera pasatzeko modua doakoa izatea.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak, alor horretako Gipuzkoako ahaldun Azahara Dominguezek eta Jose Antonio Sartano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako estatu idazkariak ere parte hartu dute jardunaldietan. Joan den azaroan legebiltzarrak onartutako Mugikortasun Jasangarriaren Legea goraipatu du Arriolak, eta esan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garraio publikoa erabiltzen duten herritarrak «inoiz baino gehiago» direla: «Pandemiak ekarritako beherakadaren ostean, igoera ikusgarria izan da. Ondo gaude, baina hobeto egon behar dugu».

Sumarrek ere energia garraiobideak eta energia trantsizioa izan ditu hizpide Gasteizko autobus geltokian egindako ekitaldian. Alba Garcia lehendakarigaiak esan du «auto pribatuan oinarritutako garraio sistema sustatu eta erregai fosilei uko egiteko prest ez daudenek» ez dutela gobernuan egon behar. Garraio publikoak defendatu ditu, eta gaur egun aplikatzen diren deskontuei eustearen alde mintzatu da.

Pradales eta lehen sektorea

EAJk, berriz, Lapuebla de Labarcan (Araba) egindako Uztaberri Eguna aukeratu du lehen sektorea «zaintzearen eta babestearen beharra» aldarrikatzeko. Imanol Pradales lehendakarigaiak bat egin du nekarazien ardurekin: «EAJk jarraituko du lehen sektorea defendatzen, lehiakortasuna ahalbidetuko duten politikak bultzatzen, eta [Espainiako] estatuan eta Europan kalitatea eta besteengandik desberdintzea aldarrikatzen duen sektorea aintzatesten».

Pradalesen iritziz, lehen sektorea zaintzea «elikagaien kalitatea eta hurbiltasuna bermatzea ez ezik, gure inguruaren zainketa sustatzea ere bada, bai eta tokian tokiko ekonomia indartzea ere». Europako Batasunaren erakundeei «ausardia» eskatu die nekazari eta abeltzainen aldarrikapenei erantzuteko. «Elikagai burujabetza» ere defendatu du: «Hori da etorkizuna eraikitzea; etorkizun bat non gure seme-alabek landa inguruan bizitzeko eta lan egiteko aukera hautatu ahal izango duten».

Azken hauteskunde inkestak ere hizpide izan ditu Pradalesek. Haren iritziz, inkesta horien emaitzetatik ondorioztatzen da herritarrek «konfiantza» agertzen diotela EAJri «gobernu alderdi gisa». Edonola ere, aurreikusi du «lehia bizia» egongo dela, eta EAJ borrokatzeko prest dagoela berretsi du: «Jarraitzen dugu herritarrei entzuten, haien behar eta ideiak jaso eta gure proiektu politikoa aberasteko, eta egitasmo on bat prestatzeko gogoz gabiltza».

Ahal Dugu-ko lehendakarigai Miren Gorrotxategi energia trantsizioaz mintzatu da Balmasedan (Bizkaia). Haren ustez, trantsizio hori «beharrezkoa» da, baina «modu ordenatuan» egin behar da: «Prozesua hala moduz garatzen ari da, herritarren beharrak eta ingurumena aintzat hartu gabe».

Gorrotxategik gogorarazi du legebiltzarrak aste honetan onartu duela trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko legea, eta Ahal Dugu-k horren kontra bozkatu zuela. Esan duenez, hauteskunde programan proposamen bat onduko dute balio handiko nekazaritza alorrak babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.