La Union enpresak, Bilbo eta Gasteiz arteko autobus zerbitzu erregularra eskaintzen duenak, iragarri du abenduaren 1etik aurrera zortzi bidaia kenduko dituela egunean, eskaria eskasa delako. Uztailaren 1ean sartu zen indarrean enpresari Bizkaiko Foru Aldundiak emandako kontzesioa, eta, epe horretan, ondorioztatu du bidaia batzuek eskari gutxi dutela eta, beraz, kendu egingo dituela.
Enpresak azaldu duenez, kenduko dituen bidaia horiek guztiek beste zerbitzu bat dute handik 20 edo 30 minutu baino gutxiagora, izan aurretik edo gero. Gasteiztik Bilborako linean, ordu hauetako bidaiak kenduko ditu: 05:50, 06:45, 13:30 eta 15:30. Bilbotik Gasteizerakoan, berriz, hauek: 06:30, 07:45, 09:30 eta 13:30. Azaldu dute bidaia horiek ez dutela gutxieneko okupaziorik izan, ez direla errentagarriak, eta horregatik kendu dituztela.
Diru laguntza publikorik jasotzen ez duen kontzesio bat duela zehaztu du enpresak, eta gehitu orain arte bere erabaki propioz jarri dituela zerbitzu horiek, «zerbitzu publikoaren begiruneagatik», baina joan-etorri horietan bidaiari gutxi daude, eta beste bidaia batzuetan birkoka daitezke, nabarmendu duenez. Hala ere, La Unionek esan du zerbitzu horiek kentzeak ez duela eragingo eskaria asetzeko beharrezkoa den toki kopuruan.