GASTEIZKO JAIAK

Gasteiz jai gogoz dago

Gaurtik abuztuaren 9ra bitartean ospatuko dira Gasteizen Andre Maria Zuriaren jaiak. Ekitaldi ugari, gustu guztiak asetzeko adina topatu daitezke aurtengo egitarauan, denen gozagarri.

Andra Mari Zuriaren plaza, gaur, Zeledonen jaitsieran. BERRIA
2016ko abuztuaren 4a
19:26
Entzun

Abuztuaren 4tik 9ra bitartean ospatuko dituzte Andra Maria Zuriaren jaiak Gasteizen. Ekitaldiz lepo datorren egitarauan, denetariko aukera izango da eta kolore guztietako pertsonentzat. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi duenez, «ez dago aitzakiarik». Ia astebeteko jaiez gozatzeko aukera izanik, hamaika ekitalditan parte hartzeko aukera izanik, festen magiak pertsona oro jabetzeko deia egin du alkateak. Musika, antzerkia, kale ikuskizunak, jai giroa, tradizioari lotutako ekintzak, eta abar eta abar, magia horren bueltan ibiltzeko. Gaineratu du kohesio sozialaren elementu bikaina direla jaiak, betiere errespetuaren ideia azpimarratuta. «Erabateko festak opa dizkizuet; elkartasunak, alaitasunak eta pertsonenganako errespetuak Euskadiko hiriburuaren aurpegirik ederrena agerian jar dezaten».

Jaiak ospatzeko orduan, 21 jai leku topatu daitezke, Gasteizko hainbat txokotan Andre Maria Zuriaren jaien esentzia nabaritu dadin. Nahiz eta jaiaren erdigunea hiriaren erdigunea bera izan, nabari da jaiaren periferiara ere iristen dela festa. Festen aurretik festa giroa iragartzen zuten hamaika ekitaldi izan eta gero, abuztuaren 4a iritsi zain dauden gasteiztarrak. Eta nola ez, jaien ikur Zeledon fama tua noiz etorriko irrikaz ari dira itxaroten. Arratsaldez hasiko da festa. Andre Maria Zuriaren plaza jendez gainezka egongo da hiriko pertsonaia ezagunenaren jaitsierarako. Hasierako ekitaldi horretan, Velecea pirotekniaren laguntza izango da. Eta behin jaien hasierako suziria jaurtita, eta Zeledonen jaitsierarekin, jaiek hiri guztian zehar barreiatuko dute beren umorea eta giroa. Erraldoi, buruhandi eta zaldiak kalez kale ibiliko dira Txoten konpartsarekin. Aihotz plazan dantzatzeko aukera egongo da gaita jotzaileekin. Gauean,farolen arrosarioko prozesioa izango da, eta Principal antzokian, Bytheway antzezlana.

Eta ondorengo egunak ere antzera joango dira, nahiz eta egunero baden ekitaldi ikur dei daitekeen bat. Biharamuna, abuztuak 5, arrosario eta musika artean hasiko da. Ondoren, Blusen eta Nesken ohiko lore eskaintza izango da, eta, ordutik aurrera, ekitaldiek ez dute etenik izango. Gastronomia eta eskulangintza azoka ikusteko aukera egongo da Loma jeneralaren kalean, eta Juan Aiala plazan azoka arabiarra kokatuko da, eta hango sukaldaritzaz, eskulangintzaz eta ikuskizunez gozatzeko eta ikasteko parada izango da. Bestalde, Foru plazan herri kirolen erakustaldia egongo da ikusgai, Herri Kirolen Arabako Federazioak antolatuta. Bazkalorduaren aurretik, egunero, bertsolariak elkartuko dira Aihotz plazan, hara biltzen direnek errimaren eta doinuaren magiarekin goza dezaten. Eta Fernandez de Pierola apezpikuaren lorategian, bakarrizketek eta umore saioek izango dute tokia arratsaldero.

Gozatzeko egunak

Eguneroko beste ikuskizun bat, adibidez, su artifizialak izango dira. Mendizabalan izango dira, eta ikusleek euren botoa emateko aukera izango dute udalaren web orrian edota eskuragarri jarri duten telefono zenbakiaren bidez.

Baina suak ez dira izango gaueko ekitaldi bakarrak. Hiriko hainbat txokotan banatuta, hainbat kontzertu izango dira gauero. Estilo ezberdinak eta gustu ezberdinak asetzeko moduko kontzertu eskaintza dago. Eta ez soilik gauean, egunez ere musika eskaintza zabala baitago aurtengo egitarauan, bai aulkian eserita entzuteko, bai musikarien atzetik kale jiran joateko. Hala, erraldoi eta buruhandien konpartsa kalerik kale ibiliko da erdigunean, dultzaineroen musika lagun hartuta.

Blusen eta nesken batzordeak ere ekintza ugari antolatu ditu. Ohitura zaharrei jarraituz, berriak ere eransten dizkiote, eta adin mugak traba izan gabe, denentzako ekitaldiak gidatuko dituzte. Haurrentzako jolasak izango dira, baita gazteagoentzako lehiaketak eta desafioak. Eta indarrak hartzeko, hamaika janari dastatze, bazkari eta afari antolatuko dituzte.

Arabako campusean, Gasteizko txosnen kolektiboak antolatutako ekintzak izango dira. Hor ere, ez da jaiez aspertzeko betarik izango. Kontzertuak, tailerrak, jolasak, aldarrikapenak eta ekitaldiak uztartuz, jai giro ederraren zantzuak usaintzen dira aurtengorako argitaratu duten egitarauan, tokira biltzen den edonor ez aspertzeko modukoa.

Horrela, ekitaldi eskaintza zabalarekin datoz Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Errespetuan eta alaitasunean pasatzeko jaiak, eta, Zeledon Gasteizen aurkitzen den bitartean, urteko sentsazio txarrak bolada batez albo batera uztekoak. Baina etorri bezala, joan egin behar, eta abuztuaren 9an amaituko dira jaiak, gauerdian Zeledon agurtu ostean. Hasi aurretik amaitzea, ordea, ez da kontua, eta sei egun horiek gozatzeko egunak izango dira Gasteizera biltzen den ororentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.