Bi helduk eta sei adingabek osatutako familia bat etxegabetzekoak dira etzi, Gasteizko Santsomendi auzoan, eta, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaur salatu duenez, oraindik ere ez dute beste bizitokirik lortu. Hala jakinarazi du sindikatuak, ohar baten bidez, eta Gasteizko Udalari leporatu dio familiari «irtenbiderik ez eskaintzea».
Familia 2018tik bizi da etxebizitza horretan, baina jabeak alokairu kontratua ez berritzea erabaki du. Beste bizitoki baten eskaintzaren faltan, familiako zortzi kideak kalean geratzeko arriskuan daudela ohartarazi du sindikatuak. Horren arabera, familiak urtebete darama alokairuko etxebizitza baten bila, baina hiriko «etxebizitza krisi larriak» zaildu egin du halakorik topatzea, eta udalak «apartamentu turistikoen eta jabe partikularren zerrenda bat» baino ez die eman.
Ostiral goizean dira etxegabetzea egitekoak. Bada, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak 09:30ean Oto hiribideko 28. zenbakian biltzera deitu du, etxegabetzeari aurre egiteko asmoz. «Benetako aldaketak ez dira alderdi politikoen eskutik etorriko. Beti gertatu den bezala, aldaketa handiak kaletik datoz», gehitu dute.
Hileko hirugarrena
Urria hasi zenetik egitekoak diren hirugarren etxegabetzea da ostiralekoa. Sindikatuak gogorarazi duenez, hil honetan adingabeak dituzten bi familia etxegabetu dituzte Gasteizen. Hala, etxegabetze horien erantzukizuna instituzioena dela nabarmendu dute: «Kontraesan handia dago diskurtso instituzionalaren eta familia langileek erakunde horien aldetik jasotzen dituzten erantzunen artean».