Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak eta Gasteizko Udalak mahai inguru bat antolatu zuten astearterako, arratsaldeko seietan, Gasteizko Emakumeen Etxean, Sexu esplotaziorako emakumeen eta neskatoen salerosketa izenburupean. Besteak beste, Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako Fiskaltza Nagusiaren ordezkariek parte hartu behar dute bertan. Horregatik, Gasteizko mugimendu feministak haserrea agertu du, eta mahai ingurua bertan behera uzteko eskatu dio udaleko Berdintasun Sailari, mahai inguruaren antolatzailea ez ezik Emakumeen Etxearen kudeatzailea ere badelako. Azkenean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan egingo dute mahai ingurua, presioen ondorioz.
Gasteizko mugimendu feministaren ustez, «onartezina» da Espainiako indar armatuei baimena ematea Gasteizko emakumeena den etxe batean sartzeko. Are, salatu dute «inposaketa» bat dela, eta udaleko arduradun politikoek ez dutela inorekin kontrastatu erabakia.
«Milaka izan dira torturatuak, eta ez dugu ahaztu behar emakume eta gorputz disidenteen aurkako tortura berezitua erabili izan dela. Eraso matxistak, bortxaketak, ukituak... egin dituzten indarrek zer zilegitasun dute gai honen inguruan hitz egiteko?»
GASTEIZKO MUGIMENDU FEMINISTAÂ
Feministen ustez, Emakumeen Etxea toki «segurua» izango bada, haren jarduna printzipio batzuen arabera antolatu behar da. Astearteko hitzaldia, berriz, «erabat antidemokratikoa» dela salatu dute, eta «erasotzat» jo Espainiako indar armatuak emakume guztiena den etxean sartzea. «Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak sistematikoki tortura erabili dute Euskal Herrian euskal herritarren aurka. Milaka izan dira torturatuak, eta ez dugu ahaztu behar emakume eta gorputz disidenteen aurkako tortura berezitua erabili izan dela. Eraso matxistak, bortxaketak, ukituak... egin dituzten indarrek zer zilegitasun dute gai honen inguruan hitz egiteko?».
Feministek argi utzi dute «emakume ororen esplotazioaren aurka» daudela baina ezin dela sexu esplotazioa eta emakumeen salerosketa salatu testuingurua kanpo utzita eta haren atzean dagoen sistema «arrazista, kapitalista eta patriarkala» salatu gabe. Hala, gogoratu dute Espainiako Atzerritarren Legeak egiten dituela posible praktika horiek, eta polizia indarrek berebiziko garrantzia dutela lege horren aplikazioan. Hori horrela, mugimendu feministak uste du «hipokrisia handiz» jokatzea dela Poliziari mahai inguruan parte hartzen uztea.
Hori guztia kontuan hartuta, hitzaldia bertan behera uzteko eskatu zuten. «Euskal Herri feminista, antikolonial eta antikapitalista eraikitzen ari gara, non Espainiako indar errepresiboek ez duten lekurik izango, eta bide hori egiteko ezinbestekoa da gure egituretatik hastea», gaineratu dute.