Gasteizko garraio publikoa doakoa izango da aurrerantzean ere 15 urtetik beherakoentzat

Datorren urtean ere %40ko deskontua izango da abonuetan eta bidaia anitzeko txarteletan, eta %50ekoa gazteentzako bidaietan.

Gasteizko autobus bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko autobus bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2025eko abenduaren 29a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren urtean ere indarrean egongo dira Gasteizko garraio publikoko tarifen deskontuak, Tuvisa autobus zerbitzuak jakinarazi duenez. Horrela, hobariei eutsiko diete, eta, besteak beste, zerbitzua doan izango da aurrerantzean ere 15 urtetik beherakoentzat. Arabako Mugikortasun Agentziak gaur goizean berretsi du erabakia, eta, horren arabera, inplikatutako administrazio guztiek deskontuei eusteko konpromisoa hartu dute. Aplikatuko den %40ko deskontua hainbat instituziok ordainduko dute: %20 Espainiako Gobernuak, %10 Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak eta gainerako %10a Gasteizko Udalak.

Erabaki horri esker, datorren urtean ere garraio publikoa doakoa izango da 15 urtetik beherakoentzat baldin eta Bat txartel pertsonalizatua erabiltzen badute. Horrez gain, %40ko beherapenari eutsiko zaio abonuetan eta bidaia anitzeko txarteletan, eta %50eko hobaria izango da gazteentzako bidaietan. Tarifa berriak 2026ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

Garraio publikoa 15 urtetik beherakoentzat doakoa izanda, Gasteizko autobus zerbitzuak nabarmen bidaiari gehiago hartu ditu aurten. Iraileko datuek erakusten dute igoera zenbaterainokoa den: doako 204.821 bidaia erregistratu ziren, iazko irailean baino %70 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.