Gasteizko jaietan indarkeria matxista prebenitzeko puntu morea indartuko dute

Santiago egunean eta Gasteizko jaietan paratuko dute gunea, 'Libre izan nonahi' kanpainaren barruan.

Gasteizko Udalak jaietan banatzen duen materiala. GASTEIZKO UDALA
Gasteizko Udalak jaietan banatzen duen materiala. GASTEIZKO UDALA
2026ko uztailaren 23a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udalak jaietan indarkeria matxista prebenitzeko neurriak areagotuko ditu aurten, Libre izan nonahi lelopean martxan jarriko duen kanpaina bidez. Puntu morea jarriko dute Santiago eguneko ospakizunetan —bihar eta etzi— eta Andre Mari Zurietako jaietan —abuztuaren 4tik 9ra—.

«Ingurune seguruak bermatu nahi ditugu, indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzioko eta sentsibilizazioko tresnen bitartez», adierazi du Ana Lopez de Uralde Berdintasun zinegotziak. Herritarrek informazioa eta orientazioa jasotzeko gunea izango dute, eta, bertan, aholkularitza jaso ahalko dute eskura dituzten baliabideei eta indarkeria matxistaren kontra jarduteko jarraibideei buruz.

Puntu morean, indarkeria matxistaren aurkako informazioa emateaz gain, sentsibilizazio jarduerak landuko dituzte hezitzaile talde baten bitartez, jaien testuinguruan oinarriturik. Hala, materiala banatzearekin batera, puntu morera joaten direnekin solasaldiak egin ahalko dituzte —bereziki 12 eta 30 urte bitartekoekin—. Elkarrizketaren eta hurbiltasunaren bitartez, indarkeria matxistaren inguruko gogoeta eta prebentzioa sustatuko dute.

Zerbitzua denen eskura dagoela erabat bermatzeko, keinu hizkuntzan komunikatzeko gai den profesional bat izango da gunean, eta euskarazko zein gaztelaniazko piktogramak ere bai, ulertzeko edo komunikatzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko. Horrez gain, emakumeek eskuko telefonoak kargatzeko puntu azkarrak izango dituzte bertan, une oro konfiantzazko pertsonekin edo hiriko laguntza zerbitzuekin harremanetan egon ahal izateko.

Santiago eguneko ospakizunetan, San Frantzisko kalean egongo da puntu morea, Farol Handiaren aurrean, 20:00etatik 02:00etara. Andre Maria Zuriaren jaietan, arretagunea tokiz aldatuko da, Posta eta Independentzia kaleen arteko bidegurutzean jarriko dutelako, Foruen plazaren mendebaldeko izkinan. Abuztuaren 4an 17:00etatik 02:00etara egongo da zabalik; hilaren 5etik 9ra, berriz, ordubete geroago irekiko da, eta 18:00etatik 02:00etara egongo da zabalik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA