Gasteizko Mugimendu Feministak jakinarazi du «intentsitate handiko» bi sexu eraso izan direla Gasteizko jaietan. Atzo gauean egin zuten salaketa, txosnetan: Fermin Muguruzaren kontzertua hasi aurretik oholtzara igo ziren mugimenduko hainbat kide, eta jakinarazi sexu erasoen aurkako protokoloa aktibatu behar izan dutela «intentsitate handiko» bi sexu eraso izan direlako.
Gertatutakoa gaitzesteko, elkarretaratze batera deitu dute biharko, larunbata, 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
Gasteizko mugimendu feministako kideek gogorarazi zutenez, azken orduetan jazotakoak ez dira jaietan izan diren eraso bakarrak. «Eraso hauek guztiek gizon zis askoren konplizitatea dute komun», salatu zuten. Eta haiei bidali zieten mezua: «Zuen lagun erasotzailea babesten duzue, egindakoa gutxiesten duzue, eta ez duzue erantzukizuna hartzen. Zuen eta zuen lagunen jarrerak berrikusi behar dituzue, erasoen aurkako kultura sustatzeko eta erasoa egin duenarekin aldaketa prozesuak hasteko».
Gasteizko jaiak hasi zirenetik, hiru pertsona atxilotu dituzte sexu askatasunarekin lotutako delituengatik. 21 urteko gizon bat atxilotu dute hainbat emakumeri behin eta berriz jazartzeagatik, eta 43 urteko beste gizon bat, berriz, neska gazte bati jazartzeagatik eta mehatxu larriak egiteagatik. Horiez gain, 47 urteko gizon bat atzeman dute, haur parke batean adingabe batzuen aurrean genitalak erakustea egotzita.