Gasteizko Korda gunea hustean, gazte bat atxilotuta eta zaurituta eraman dute

Kolpea hartu du buruan, eta erietxera eraman dute, odoletan zela; etxean dago. Mobilizazio jendetsua egin dute arratsaldean.

Ertzaintza, Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalea mugatzen. Parean, protestariak. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko ekainaren 4a
20:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko Korda gunea desegin dute. Epaileek gaur arteko epea eman zieten Zaharraz Harro, Herrizoma eta Auzoan Bizi mugimenduei eraikina uzteko, eta, azkenean, Poliziak indarrez atera ditu eguerdirako. «Asko galdu dugu», aitortu dio Haize Agirre Herrizomako kide eta Kordako erabiltzaileak BERRIAri. «Kale gorrian utzi gaituzte». 13:00etan, bi behargin atea hormaz estaltzen ari ziren, hainbat ertzainen zaintzapean.

10:00 aldera, atzeko atetik, epaitegietako ordezkariak eta Zabalgunea 21eko arduradunak iritsi dira. Azken orduan akordioa lortzen saiatu dira, baina bakoitzak bereari eutsi dio. Kordako erabiltzaileek salatu dute baldintza «onartezinak» jarri dizkietela. Hortaz, Polizia eraikina husten hasi da, 10:30ean.

Gauerditik zeuden ertzainak Korda inguruan. Husteko ezarritako eguna hasi eta berehala, Alde Zaharreko Pintore kalea alderik alde hartu dute, eta atarian gunea babesten ari ziren gazteak kanporatu egin dituzte. Halere, beste dozena bat lagun eraikinaren barruan gelditu dira. Furgoi eta ibilgailu ugari mobilizatu ditu Ertzaintzak, eta agenteek jendearen joan-etorria kontrolatu dute. Soilik auzoko bizilagunei utzi diete mugitzen, betiere ertzain bat alboan zutela. Dena dela, gaua «lasaia» izan dela kontatu dute Kordakoek. Ertzaintzak ez du eraikinera sartzeko ahaleginik egin.

10:30 aldera eraitsi dute atea, eta barruan zeuden lagunekin topo egin dute. Horiek pintura zuria bota dute burutik behera, eta eseri egin dira. Agirrek deskribatu duenez, «oso modu bortitzean» erantzun diete poliziek. Are, gazteetako bat lurrera bota dute, eta buruan kolpea hartu du. Odoletan hasi da, eta osasun larrialdiek artatu behar izan dute. Erietxean egon da, baina, arratsaldeko mobilizazioan jakinarazi dutenez, etxean dago jada.

Atxilotuta ere egon da, eta 17:00 aldera aske utzi dute. Agirrek kontatu du goizean hainbat lagun ospitalera joan direla bisitan, baina ez dietela utzi hura ikusten. Halaber, salatu du ez dietela informaziorik eman, eta ez zekitela zehatz-mehatz zer zuen, ez eta zer leporatzen zioten ere.

Beste bi lagun atxilotu dituztela ere zabaldu da, kanporatzen ari ziren gazteetako batek hala oihukatu duelako. Agirrek zehaztu du eskuburdinak jarri eta ibilgailu baten barruan atxiki dituztela, baina azkenean joaten utzi dietela. Korda barruan zeuden gainerako kideak banan-banan atera dituzte, eta kale bazter batean askatu.

Bizilagunak zain zituzten

Protestan zeuden gasteiztarren artean galdu dira. Korda erabiltzen duten kolektiboek 08:00etarako zuten egina deialdia, eta, apurka-apurka, jendea batzen hasi da kalearen bi aldeetan. Ehun bat lagun izango ziren denera. Okupazioaren aldeko aldarriak egin dituzte, eta barruan zeuden gazteei babesa adierazi. Kafea, galletak eta fruta ere banatu dituzte elkartutakoen artean, bazekitelako eguna luzatu egingo zela.

Ibilgailuak ezkutu gisa erabilita, Kordako ataria estali dute tokia husteko. Protestan zirenak asaldatu ditu horrek, eta ezkutatzeko zer zuten galdetu diete behin eta berriz. Halere, ez da istilurik izan.

Ertzaintza, Gasteizko alde zaharreko Pintore kalean. Korda espazioko ataria ezkutatu dute ibilgailuekin. BERRIA
Ertzaintza, Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalean. Kordako ataria ezkutatu dute ibilgailuekin. BERRIA

Orain hiru urte okupatu zuten Korda Zaharraz Harro, Herrizoma eta Auzoan Bizi mugimenduek. Alde Zaharreko jaien barruan, urtero, eremu bat okupatu izan zuten, eta 2022ko ekainaren 27an Korda hartzea erabaki zuten. «Urteetan hutsik egon zen eraikina, eta guk behar genuen toki bat elkartzeko», azaldu du Agirrek. «Pozik eta harro gaude okupatu izanaz». Elkarren jarduna osatzeko erabili dute tokia urte hauetan — Zaharraz Harro-k Gasteizko Alde Zaharreko jaiak antolatzen ditu, Herrizoma elikadura burujabetzaren aldeko elkartea da, eta Auzoan Bizik auzoko bizilagunak elkartzen ditu—, eta zabaltzeko asmoa ere izan dute. Besteak beste, sukalde bat, jantokia, bilera gela eta jolastoki bat atondu dituzte. «Eraikina oso egoera txarrean zegoen. Lan asko egin dugu». Ikastaroak, kultur emanaldiak, aisialdi ekintzak eta beste ere egiten zituzten.

Tarte honetan ez dutela arazorik izan esan du Agirrek. Baina, halako batean, martxoan, eraikina husteko agindua jaso zuten. «Zergatik? Batek daki. Gauza bakarra esan digute: okupatutako tokiak hustu egin behar direla».

Gasteizko Udalaren menpeko Zabalgunea 21 enpresaren jabetzakoa da eraikina. Etxebizitza alorreko politikak garatzeaz eta gauzatzeaz arduratzen dira. «Esaten digute zeregin soziala dutela, baina desberdin ulertzen dugu kontzeptu hori», azpimarratu du Agirrek. Salatu du Zabalgunea 21 enpresa Alde Zaharreko 370 guneren jabe dela eta ia erdiak hutsik daudela.

«Urteetan hutsik egon zen eraikina. Pozik eta harro gaude okupatu izanaz» 

HAIZE AGIRREHerrizomako kidea

Zabalgunea 21ekin bilera bakarra izan dutela ere salatu du Agirrek. Astelehenean elkartu ziren, hainbat saiakeraren ostean. «Idatzi egin genien, deitu... Azkenean, egoitzara bertaratu ginen, eta esan genien ez ginela joango bildu arte. Orduan eman ziguten ordua». Bilera «fundamentu gutxikoa» izan zen. «Susmoa dugu haien jarduna zuritzeko saiakera bat izan zela, esan ahal izateko gurekin bildu direla eta saiatu direla akordio bat lortzen. Baina ez zuten nahi».

Gorrotoa eta amodioa

Hustea salatzeko manifestazioa egin dute arratsaldean Zaharraz Harro, Herrizoma eta Auzoan Bizi mugimenduek, Auzodefentsaz lotu Korda auzora lelopean. Antolatzaileen esanetan, mobilizazio jendetsua izan da; Farol Handitik abiatu eta Korda parean akitu da, eta «indarra erakusteko» balio izan du. «Gaur berriz diogu ez dagoela erdibiderik haien jabetzen eta guren bizitzen artean: haien jabetzek gure bizitzari etengabe erasotzen dioten bezala, guk ere haien jabetzei erasotzen jarraituko dugu», esan dute mobilizazioaren akaberan. Zauritutako gazteari elkartasuna adierazteko ere baliatu dute. 

Esplikatu dute gaur gorrotoa eta amodioa sentitu dituztela. Gorrotoa «Poliziari, Polizia bidaltzen duten horiei eta jabetza pribatua indarrez eta errepresioz defendatzen dutenei»: «Gure kide eta lagunak jipoitzen dituztenei, gure bizilagunak etxegabetzen dituztenei eta gure miseriak gure arteko gerra izan daitezen nahi dutenei, gorrotoa». Amodioa, berriz, «auzo antolakuntzari, Korda defendatu duten kideei, gaua bertan igaro zuten auzokideei eta jatekoa eraman dutenei»: «Gaurkoan berriz ikusi da auzoa gatazketan eraikitzen dela, gatazketan dakigulako zeintzuk garen auzokide eta zeintzuk ez, gatazketan posizioa hartzen dugulako; eta gaur argi dugu auzokidez inguratuta gaudela». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.