Gasteizko lorategi, parke eta belardiak zarbatsu dira aspaldi, eta ez dirudi belarra mozteko makinak aurki lanean hasiko direnik. Ostiralean sei hilabete beteko dira Gasteizko lorezainek euren lan baldintzak hobetzearen aldeko greba mugagabea abiatu zutenetik, eta, gaur-gaurkoz, irtenbideak urrun jarraitzen du. Langileek gaur ohartarazi dutenez, martxoaren 26tik aurrerapauso «urriak» izan dira gatazkaren konponbidean, batez ere arlo ekonomikoan, eta, beraz, lanuztea bertan behera uzteko motiborik ez dago. Kontrara: mobilizazioei eutsiko diete eta manifestazio batera deitu dute ostiralerako, grebak urte erdi beteko duen egunerako. Artium museotik abiatuko da, 18:30ean.
Enviser enpresa arduratzen da Gasteizko parkeak eta lorategiak zaintzeaz. Estatuko hitzarmena dute Enviserreko langileek, eta gehienen soldatak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak dira, eurek emandako datuen arabera. Beharginek diotenez, lanaldiari eta baimenei lotutako «aurrerapauso» batzuk eman dira, baina akordioa lortzeko oztopo nagusia soldaten arloan dago. Izan ere, uste dute enpresak egindako proposamenak ez duela bermatzen estatuko lan hitzarmenean galdutako erosahalmena berreskuratzea eta soldata «duinak» izatea.
Greba batzordeak eta ELA, ESK eta LAB sindikatuek diotenez, azken urteetan langileek erosahalmenaren %13 baino gehiago galdu dute, hau da, urtean 3.000 euro inguru langile bakoitzeko. Alabaina, haien ustez, Enviserrek eta Gasteizko Udalak egindako azken proposamenak ez du «inolaz ere» bermatzen galdutako erosahalmen hori berreskuratzea. Kategorien arabera lau urtean soldatak %15 eta %20 bitartean igotzea proposatu dute enpresak eta udalak, baina langileentzat eskaintza hori «ez da aski», ez baitu bermatzen oinarrizko beharrak betetzeko moduko soldatarik.
Greba batzordeak eta ELA, ESK eta LAB sindikatuek diotenez, azken urteetan langileek erosahalmenaren %13 baino gehiago galdu dute, hau da, urtean 3.000 euro inguru langile bakoitzeko.
Enviserrek eta udalak elkarri leporatzen diote soldatak igotzeko ardura. Enpresak dio udala dela soldata igoerak mugatzen dituena, baina, aldi berean, onartzen du berak ez duela dirurik langileei gehiago ordaintzeko. Oso bestelako iritzia dute langileek: uste dute bi aldeek oraindik tarte handia dutela lorezainen lan baldintzak hobetzeko. Batetik, gogoratu dute Enviserrek %6ko etekina lortu duela udalarekin sinatutako kontratuei esker. Bestetik, uste dute udalarentzat ez dela gastu handia 80 lorezainen soldata hobetzea, kontuan hartuta hori udal aurrekontuaren %0,1 baino ez litzatekeela izango.
Negoziazioak, blokeatuta
Orain arte antzuak izan dira gatazka desblokeatzeko egin diren urratsak. Joan den ostegunean Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzua berriro bildu zen, baina akordiorik gabe amaitu zuten batzarra. Lorezainek kritikatu dute enpresak ez zuela negoziatzeko borondaterik erakutsi, gutxieneko zerbitzuen «agindu bidegabeei» eusteko asmoa agertu zuela, eta uko egin ziola sindikatuen akordiorako eskaintzari. Are, desadostasunak epaitegietan konpontzera animatu zituen langileak, salatu dutenez.
Greba mugagabeari amaiera emango dion akordioa nahi dute langileek, eta prest daude konponbideak bilatzeko, baina Gasteizko Udalari «inplikazioa» eskatu diote, bai eta zerbitzu publikoen pribatizazio eta azpikontratazio politika «negargarria» amaitzeko ere. «Alternatibak bilatu beharrean, langileek amore ematea bilatzen du, gobernu taldeak lan gatazkari aurre egiteko duen ezintasun politikoa agerian utzita», kritikatu dute.