Gasteizko lorezainek lau hilabete daramatzate greban. Udalak Enviser izeneko enpresa baten esku utzi zuen zerbitzua, eta bertako langileak kexu dira ordutegi luzeak eta, bereziki, soldata txikiak dituztela. «Lan baldintza duinak eta soldata nahikoak» bermatuko dituen hitzarmena eskatzen dute, eta, hori lortzeko, greba mugagabeari ekin zioten martxoaren 26an. Heldu den astelehenerako manifestaziora deitu dute.
Akordioa lortzeko «oztopo nagusia» soldaten arloan dagoela diote beharginek. Espainiako hitzarmena dute Enviserreko langileek, eta langile gehienen soldatak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak dira, eurek emandako datuen arabera.
Esplikatu dutenez, orain arteko negoziazioek ez dute ezer konpondu. Joan den astean, adibidez, adierazi zuten Jaurlaritzak mahai gainean jarritako proposamenak «langileen prekaritatea 2028ra arte betikotu» bertzerik ez duela egiten. Salatu zuten enpresak ez duela arazoa konpontzeko «inolako presarik», eta gogor kritikatu zuten Beatriz Artolazabal zinegotziaren eta Maider Etxebarria alkatearen jarrera.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen ekainean, eta lorategietan eta parkeetan luzatutako belar eta landareak moztera behartu langileak. Eusko Jaurlaritzaren arabera, gutxieneko zerbitzuak behar dira, sute arriskua gutxitzeko eta errepideetako segurtasuna hobetzeko. Langileendako, baina, benetako arrazoiak ez dira horiek. «Lehentasunezko lana hiriaren erdiguneko parkeak txukuntzea izan da, belar gutxien bertan pilatu bada ere».
Lorezainen arabera, udala uko egiten ari zaio bere ardurari: «Ez du benetako konponbiderik eskaintzen lan gatazka konpontzeko». Egoera ikusita, uste dute udalak ez duela sentiberatasunik, lorategien zaintza hark azpikontratatutako zerbitzua bada ere: «Gauza bat da zerbitzu publikoak pribatizatzearen alde egotea; beste bat, ordea, pribatizatzea, eta ez ikusiarena egitea zerbitzua ematen duten langileen lan baldintzei».
Herritarren babesa
Gasteizko herritarren babesa dutela sinetsita daude langileak: hilabete hasieran manifestazioa eta elkartasun jaialdia egin zituzten, eta jendetza batu zen bi ekintzetan.
«EAJk eta PSE-EEk nahi adina luzatu dezakete agonia, baina ez dute beste erremediorik izango denontzat duinak diren lan baldintzak eta soldatak bermatzea baino», erran zuten mobilizazio egunean. Diotenez, greba da gatazka konpontzeko bide bakarra: «Horrela izango da, lehenago edo geroago».