Gasteizko Zabalgana auzoko Mariturri eremuko 96 maizter etxejabeen gehiegikeriak jasaten ari direla eta kontratuak ez berritzeko arriskuan daudela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Lehen, La Caixarenak izan ziren etxeak —orain Caixabank da—; gaur egun, Farley ITG inbertsio funtsarenak dira. Maizter bati uztailean bukatu zitzaion kontratua; beste zenbaiti abenduan eta 2027ko urtarrilean bukatuko zaizkie. Farleyk posta elektronikoz jakinarazi die ez dizkiela berrituko kontratuak, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren arabera: «Ez da etxegabetzeko agindurik eman, eta ez zaie aukerarik eskaini beste kontratu bat negoziatzeko». Agerraldia egin dute gaur arratsaldean.
Etxebizitza horiek gizarte ekintzatik inbertsio funts batera pasatu dira. La Caixaren gizarte ekintzak sustatu zituen lau eraikinak. 96 etxe guztira. «Alokairu eskuragarriak» izango zituztela nabarmendu zuen. 2013ko ekainean banatu zituen. Javier Maroto orduko Gasteizko alkateak txalotu egin zuen La Caixaren «sentsibilitate sozial handia».
Jakinarazpen ofizialik ez
Bizilagunek 2025. urtearen erdi aldera jakin zuten Caixabankek Farley ITG inbertsio funtsari saldu zizkiola beren etxeak, eta hari subrogatu zizkiola alokairu kontratuak, ordura arteko baldintzak errespetatuta. Maizterrei ez zieten ofizialki jakinarazi. Farley ITGk Basico Living enpresaren bitartez kudeatzen ditu etxeak.
2013tik 2026ra egindako ibilbidean «gehiegikeriak» izan direla salatu dute Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko ordezkariek. Aurrena La Caixarenak, gero Farley ITGrenak. La Caixari egotzi diote, esaterako, esan zietela etxea erosteko aukera ematen zuten errentak zirela, baina gero ukatu egin zietela. Etxea erosi nahi izanez gero, merkatuko prezioan erosi behar zuten. Sindikatuaren iritziz, La Caixak «alokairu eskuragarriak» baliatu zituen bere irudia «garbitzeko», baina gero negozioa egiten saiatu da.
Auzitara jo dute
Etxebizitzak eta eraikinetako eremu komunak egoera txarrean daudela salatu du: hezetasun arazoak hormetan eta sabaietan, adreiluak erorita... 2023aren amaieran, maizter batzuek Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistara jo zuten laguntza eske. Haien kontratuetan «abusuzko klausulak» zeudela ikusi zuen sindikatuak: ondasun higiezinen zerga maizterrek ordaindu behar izatea, soldatak Caixabanken helbideratzera behartzea, errenta ez ordaintzearen kontrako aseguru bat kontratatzera behartzea, errentak eta eraikineko gastuak garestitzea, mantentze gastuak maizterrek ordaintzea... Sindikatuak eta maizterrek auzitara jo zuten abusuzko klausula horiengatik kobratutako dirua itzultzeko eskatzeko.
Gasteiz tentsio handiko eremua da. Sindikatuak eta maizterrek errenten kontratuak derrigorrez hiru urtez luzatzeko eskaera aurkeztu zuten. «Farleyk badaki kontratuak luzatzeko legezko oinarriak daudela, baina, hala ere, bizilagun askori presioa egiten ari zaie, etxebizitzak utz ditzaten kontratuak amaitzen direnean», azaldu dute sindikatuko ordezkariek. Zehaztu dute 8.000 euro inguru eskaini dizkietela bizilagun horiei. «Hori nahikoa ez», jarraitu dute, «eta hutsik geratu diren etxebizitza batzuk logelaka alokatzen hasi dira, erabat neurriz kanpoko prezioetan».
Egoera salatzeko, kontzentrazioa egingo dute azaroaren 6an, 18:00etan.