Gasteizko hegoaldeko auzo elkarteen eta OPA Osasun Publikoaren Aldeko plataformaren ustez, «onartezina» eta «bidegabea» da Olarizuko osasun zentroa 2031ra arte atzeratzea. Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztutako osasun azpiegituren eta ekipamenduen 2032ra arteko planak jasotzen du 2031rako amaituta egongo direla auzo horretako osasun zentro berriaren obrak, egungo anbulatorioa ordezkatuko duena. Gasteizko Olarizu inguruko bizilagunei arreta emango die osasun zentro berriak, hau da, San Kristobal, Adurtza, Salbatierrabide-Batan, Errekaleor eta Goikolarra auzoetako bizilagunei. Auzo horietako bizilagunen eta OPA plataformaren ustez, baina, osasun etxea lehenbailehen egin beharko litzateke, «premiazkoa» delako, eta herritarrek ezin dutelako sei urte itxaron.
Olarizuko osasun etxea Heraclio Fournier kaleko etxebizitza eraikin bateko etxabean dago, eta auzo elkarteek diote «gabezia larriak» dituela aspalditik: instalazioak zaharkituta daude, lekua falta da, eta kalitatezko osasun arreta eskaintzeko ezintasuna dago. Gainera, haur eta adineko ugari bizi da Gasteizko zona horretan, eta haientzako espezialistak falta dira.
20.000 lagunentzat, eskasa
Ekainean, auzo elkarteek eta Gasteizko OPAk egoera horren berri jasotzen zuen txosten bat ondu zuten, eta han xehatu zituzten osasun artan atzemandako gabeziak eta horiei aurre egiteko behar zituzten baliabideak. Lan horren ondorioetako bat izan zen premiazkoa zela osasun zentro berri bat eraikitzea. Txostena Gasteizko udal taldeen esku utzi zuten, eta Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeari helarazi zioten.
Txosten horren arabera, gaur egun, Olarizuko osasun zentroak 20.000 pertsonari baino gehiagori ematen die zerbitzua, eta kopuru hori handitzen ari da Goikolarra auzo berriaren hazkundeagatik. Beraz, eremu geografiko eta bizitegi eremu zabal bati zerbitzua ematen dio zentroak: arta ematen die 65 urtetik gorako 5.600 pertsonari, eta patologia eta gaitz kronikoak dituzten beste 3.000-4.000 bizilaguni; halaber, Goikolarra auzo gazteak dituen beharrei aurre egiteko pediatria zerbitzua eskasa dela dio txostenak. Arreta ratioei dagokienez, mediku pediatra bakoitzak 1.500 pertsona inguru artatzen ditu, eta espezialistak behar ditu fisioterapian, osasun mentalean, geriatrian eta ginekologian.