Eusko Jaurlaritzak 21 osasun etxe eraikiko ditu 2032ra bitartean

1.600 milioi euroko inbertsio plana aurkeztu du erakundeak. Ospitaleetan, eraikin ezberdinetan artatu nahi dituzte kanpo kontsultak eta ospitaleratzeak.

Gurutzetako ospitalea, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gurutzetako ospitalea, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 17a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

21 osasun etxe. Tolosako (Gipuzkoa) ospitalea. Donostiako protoi terapiako zentroa. Durangoko (Bizkaia) bereizmen handiko zentroa. Ospitale mordoxka bat handitzeko edo berritzeko lanak. Eusko Jaurlaritzak osasun azpiegituren eta ekipamenduen 2032ra arteko plana aurkeztu du. Hau da, inbertsio horiek ez dagozkio indarrean dagoen legealdiari soilik, baita hurrengoari ere. 1.600 milioi euroko inbertsioa egingo dute.

Planean bildutako azpiegitura guztiak ez dira berriak, batzuen berri bai baitzen lehendik ere: Tolosako ospitalea eta minbizia tratatzeko Donostiako protoi terapia zentroa, esaterako. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Alberto Martinez Osasun sailburuak aurkeztu dute plana, Gasteizen, Txagorritxuko ospitalean. Eusko Jaurlaritzaren arabera, baliabide horien bitartez bermatu nahi dute osasun arreta «kalitatezkoa, segurua eta hurbila» izatea, eta «bai pazienteek bai osasun arloko profesionalek baldintza onenak» edukitzea.

Hain zuzen ere, azken urteetan besteak beste osasun zerbitzuen arloan jarri dute auzitan Eusko Jaurlaritzaren jarduna. Hala herritarrek nola langileek. Langileei mintzatu zaie gaur Pradales: «Gure ondasunik preziatuena zaintzen duzue zuek denok. Eta gure ardura da zaintzen gaituztenak zaintzea. Zuek zaintzea».

«Europako beste leku batzuetan, murrizketak egiten dituzte, eta, hemen, aldiz, inoiz egin dugun inbertsio handienaren berri eman dugu»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Eusko Jaurlaritzaren lana goraipatu du: «Europako beste leku batzuetan murrizketak egiten dituzte, eta hemen, aldiz, inoiz egin dugun inbertsio handienaren berri eman dugu. Eusko Jaurlaritzak orduko 600.000 euro gastatzen ditu osasun arretan, eta, horri esker, Europan ez dago honen pareko sistemarik».

Alberto Martinezek, berriz, nabarmendu du inbertsio plana ez dutela bulego batean diseinatu, osasun langileei entzunda baizik. Inbertsio plana «bizia, malgua eta sor daitezkeen premietara egokitzeko modukoa izango da».

74 ekintza

74 ekintza izango dira guztira: lehen mailako arretako 21 zentro eraikitzea, zortzi handitzea edo berritzea, ospitaleen sarea eta haren bloke kirurgikoak modernizatzea, eta gaixotasunen diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko teknologia aurreratua arretan txertatzea.

Osasun zentro berrien artean sartu dituzte jada eraiki diren batzuk, hala nola Oiongoa (Araba) eta Aretxabaletakoa (Gipuzkoa). Donostiako Loiola auzokoa eta Laudiokoa (Araba) eraikitzen ari dira. Berehala hasi nahi dituzte Lazkaokoa eta Elgoibarkoa egiteko lanak (Gipuzkoa), baita Bilboko Bolueta auzokoa egitekoak ere.

Azpiegitura Programarekin bat eginez, Osakidetzako langile taldea handitzen ari dira: hain zuzen ere, egiturazko 2.000 lanpostu baino gehiago sortuko dituzte, eta horrek modua emango du lantalde egonkorragoa eta eraginkorragoa izateko. Era berean, inbertsioak gauzatzeko kronograma bat ezartzen ari dira, 2032ra artekoa, programa modu ordenatu eta eraginkorrean garatuko dela bermatzeko.

Durangoko bereizmen handiko zentroa izango da Bizkaiko inbertsio nagusietako bat. 34,8 milioi euro inbertituko dituzte. Zentro horretan, gaur egun hiru gunetan eskaintzen diren zerbitzuak bilduko dituzte: Landako osasun zentrokoak, osasun etxekoak eta buru osasuneko eguneko ospitalekoak. Horrez gain, beste hiru zerbitzu ere izango ditu: erradiodiagnostikoa, erretinografia eta esku hartze azkarreko ibilgailu bat.

Eusko Jaurlaritzak 842,7 milioi euro inbertituko ditu ospitaleetan. Horietatik 107, Tolosakoa eraikitzeko. Herri horren eta eskualdearen eskaera historikoa izan da.

Txagorritxuko eredua

Txagorritxuko ospitaleko eredua zabaldu egin nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta, hala, kontsultetara joaten diren herritarrak eta ospitaleratutako pazienteak bereizi. Horretarako, eraikin batean eskainiko dute zerbitzu bakoitza. Kanpo kontsultetarako eraikin berriak egingo dituzte Basurtuko, Donostiako, Galdakaoko eta Gurutzetako ospitaleetan. Zehaztu dute eraikin horien lanak ez dituztela bukatuko 2032rako.

Zenbait ospitale handitu egingo dituzte, edo haietako eremu batzuk osorik eraberritu: Zumagarran, esaterako, beste eraikin bat egingo dute, kirurgiak egiteko eta beste zenbait zerbitzu eskaintzeko (minaren unitatea, hemezortzi dialisi leku, eta hamalau endoskopia leku); Bidasokoan ere kirurgia bloke bat eraikiko dute.

Obra handiez bestelakoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak berritu egingo du medikuen kontsultetako ekipamendua (ohatilak, ekografoak, desfibriladoreak...) eta osasun zerbitzuetako eraikinetako mantentze lanak egin: teilatuak, eraikinen aurrealdeak, argiztapen sistemak, klimatizazioa, irisgarritasuna... 271,13 milioi euroko inbertsioa egingo du lan horietan.

OSASUN ZENTRO BERRIAK

  • Araba: Gasteiz (Alde Zaharra eta Olarizu), Guardia, Iruña Oka eta Laudio. 
  • Bizkaia: Arrigorriaga, Bilbo (Abusu eta Bolueta), Durango eta Urduliz.
  • Gipuzkoa: Astigarraga, Azpeitia, Donostia (Intxaurrondo eta Loiola), Elgoibar, Irun (Oinaurre eta erdialdea), Lazkao, Lezo, Orio eta Pasai Antxo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.