Gasteizko oposizioak ere Marotoren aurka jotzeko eskatu die epaitegiei

SOS Arrazakeriak eta Ongi Etorrik aurkeztutako mozioa onartu dute.Immigrazioa «alderdikeriaz» ez erabiltzeko eskatu diote Marotori

Maite Asensio Lozano.
2014ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
«Bizikidetza demokratikoaren printzipioak» urratzen dituztenen aurka «irmoki» jarduteko eskatu die epaile eta epaitegiei Gasteizko Udaleko oposizioak. Javier Maroto alkateak asteon etorkin magrebtarrei buruz eginiko adierazpenen harira SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri elkarteek aurkeztutako mozioaren alde egin zuten atzo EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk, udaleko osoko bilkuran. Era berean, idatzi bat adostu zuten hiru alderdiek, xenofobia eta arrazakeria «tresna politiko» gisa erabiltzen dutenen «arbuio sendoa» eskatzeko.

Hautsak harrotu dituzte Marotok astearte eta asteazkenean esandakoek: «Eskandaluzkoa da nazionalitate jakin batzuek gizarte laguntzekin egiten duten iruzurra». Zehazki, aljeriarrez eta marokoarrez mintzatu zen, eta nabarmendu lan egiteko interesik ez dutela eta laguntzez aprobetxatzera datozela. Arabako SOS Arrazakeriak Marotoren aurkako salaketa aurkeztu zuen atzo, eta diligentziak abiatzea galdegin zion Arabako fiskal nagusi Josu Izagirreri, adierazpenok legea urratu duten ikertze aldera.

Izan ere, elkartearen ustez, arrazarengatik gorrotoa sustatzeko delitua edo pertsonen duintasunaren aurkako arau-haustea egotz dakioke Marotori. Fede Garcia SOS Arrazakeriako kideak egunotan gogoratu du laguntzak jasotzen dituzten kanpotarrak lanean eta Gizarte Segurantzan kotizatzen aritu direla lehenago eta, beraz, gainerako herritarren eskubide berak dituztela.

Salaketa jartzearekin batera, elkarretaratzea egin zuten atzo goizean 50 bat lagunek, SOS Arrazakeriak deituta, Gasteizko udaletxearen aurrean, justu eraikin barruan auziaz eztabaidatzen ari zirenean. Elkarteek aurkeztutako mozioa aurrera atera zen, oposizioko talde politiko guztien sostenguarekin; soilik PPk ez zuen babestu. Immigrazioari buruzko «adierazpen etiko pertsonala» galdegin diete politikariei testuan, eta konpromisoa eskatu diete Marotori eta udal taldeei, auzia «alderdikeriaz» ez erabiltzeko, hauteskundeei begira batik bat.

EAJ, PSE eta EH Bilduk, berriz, Gasteizko herritarrei egin zieten eskaera, elkartasuna defenda dezaten, eta arrazakeria sustatzen duten diskurtso politikoak gaitzets ditzaten. Hala egin zuten alderdiok ere, adostutako testuan. Epaileei ere igorri zieten mezua, halako jarreren aurka jardun daitezen.

Halaber, etorkinei eta laguntza sozialei buruzko informazioa «manipulatzea» eta «diferenteen aurkako jazarpena sustatzea» egotzi zioten alkateari: «Adierazpenek agerian utzi dute [Marotok] ez duela eskrupulu txikienik ere elkartasun eta justizia sozialen balioen aurka egiteko, eta, aldiz, gabezia handiak dituela bere sineste demokratikoetan».

Esandakoak erretiratzeko eta barkamena eskatzeko eskatu zioten alkateari hiru alderdiek. Marotok, baina, ez zuen hitza hartu osoko bilkuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.