Gasteizko udal gobernuak EH Bildurekin itundu ditu aurrekontuak, hirugarrenez

Koalizio subiranistak hirugarrenez jarraian egin du ituna PSE-EErekin eta EAJrekin. Viterok adierazi du udal gobernuak euren zuzenketa guztiei eman diela erantzuna, eta Etxebarriak ontzat jo du ituna.

Rocio Vitero, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Rocio Vitero, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 20a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduren eledun Rocio Viterok eman du erabakiaren berri: koalizio subiranistak Gasteizko Udalaren 2026rako aurrekontuak babestuko ditu. Prentsaurreko batean, azaldu du zerbitzu publikoak indartzeko 8,25 milioi euroren balioa duten zuzenketak adostu dituztela PSE-EEk eta EAJk osatutako gobernuarekin. Alderdi horiek oposizioko talde baten babesa behar zuten aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos horretarako prest azaldu dira azken asteetan. Negoziazio prozesu luze baten ostean, baina, udal gobernuak koalizio subiranistarekin egindako itunei jarraipena ematea lehenetsi dute. Hala, bi aldeek ontzat jo dute ituna, eta Maider Etxebarria alkateak aurrekontuen «sendotasuna» defendatu du.

Aurreko astean eman zuen Viterok koalizioak udal gobernuari egindako eskaeren berri, «zerbitzu publikoak indartzeko» beharrari erreferentzia eginda. Bost bloketan banatu zituen proposamenak: gizarte politikak, etxebizitza, enplegua, trantsizio ekosoziala eta kohesioa. Eta gaur ontzat jo du Etxebarria alkatearen lantaldeak emandako erantzuna, eskaera guztiak onartu baitituzte: «Aurkeztu genituen berrogei zuzenketak».

Horiek hala, 1,5 milioi euroren balioa duten zuzenketak onartuko dituzte gizarte babeserako eta adinekoei eskainitako zerbitzuetan; 1,3 milioi eurorenak, etxebizitza arloan; 1,8 milioirenak, «trantsizio ekosozial eta energetikoa» bideratzeko proiektuetan; bi milioirenak, enplegu eta ekonomia alorretan; eta 1,5 milioirenak, Gasteiz «bizitzeko moduko hiri» bihurtzeko proiektuetan. Horien bidez xede dute udal politikei «beste norabide bat» ematea, Viterok azaldu duenez, eta uste du lortu dutela «lehentasunezkotzat» jotzen dituzten zenbait alorretan udal politikak aldatzea.

EH Bilduk eta udal gobernuak akordioaren alde egindako urratsak defendatu dituzte. Viterok esan du «zarataren» eta «liskarraren» ordez lana eta elkarrizketa lehenetsi dituztela, eta koalizioko idazkari nagusi Arnaldo Otegi ere bide beretik aritu da X sare sozialean: «EH Bildu akordioetan dagoenean euskal herritarren bizi baldintzek irabazten dutela frogatu dugu beste behin». Etxebarriak, berriz, esan du «inposiziorik gabe» negoziatu dutela, eta uste du mezu argi bat eman duela udal gobernuak: «Argi geratu da merezi duela gobernu honekin akordioak egitea, emandako hitza betetzeko lanean ari delako, eta lehentasunezko helburu bat duelako: hiriak aurrera egitea».

Gehiengoen bila

Gasteizko Udal Gobernuak 507,5 milioi euroko aurrekontu proiektu bat diseinatu zuen, iazkoa baino %6,5 handiagoa, baina gaur arte ez da argitu horiek aurrera ateratzeko gai izango ote zen. Izan ere, PSE-EEk eta EAJk udal batzarrean hamabi zinegotzi dituzte, eta oposizioak, hamabost. Egoera horri aurre egiteko, gobernuak legealdi hasieratik EH Bildu izan du aliatu nagusi.

Onartzear diren aurrekontuak aintzat hartuta, hiru aldiz jarraian adostu dituzte elkarrekin. EAJ eta PSE-EE gutxiengoan dira beste erakunde batzuetan ere, eta haietan bestelako formula batzuk erabili dituzte. Besteak beste, Arabako eta Gipuzkoako aldundiek Elkarrekin Podemosekin egin zituzten aurrekontuen inguruko itunak urte bukaeran. Iaz, EH Bildurekin lortu zuten ituna Araban, eta PPrekin Gipuzkoan. Hain zuzen, PP prest azaldu da Gasteizen ere akordio bat egiteko. Alderdi Popularrak segurtasun arloan egin nahi zuen indar; atal horretako aurrekontua %30 handitzeko proposamen bat egin zuten, «kalean eta auzoetan polizia gehiago» jartzeko asmoz: «Kamera gehiago eta taser pistola gehiago».

Hain zuzen, alderdi horretako eledun Iñaki Garcia Calvok txarretsi egin du gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioa. «Gero eta kezka handiagoa dugu Gasteiz hartzen ari den norabidea dela eta», adierazi du ohar batean. Hark Etxebarriari leporatu dio EH Bildu «aliatu nagusi» gisa izatea, eta «ezkerreko politikek» hiriari kalte egiten diotela defendatu du. 

adostutako zuzenketak

  • Etxebizitza. 21 Zabalguneko etxebizitza parke publikoa eraberritzeko eta etxe hutsen inguruko azterketa bat egiteko diru sailak adostu dituzte.
  • Gizarte babesa. Etxebizitza komunitarioak, harrera zerbitzuak eta etxegabetzeen prebentziorako bulego bat sustatuko dituzte.
  • Enplegua eta sustapen ekonomikoa. Udal merkatuak modernizatzeko neurriak adostu dituzte, diru laguntzak ezarriko dituzte ekonomia «sozial eta solidarioa» sustatzeko, eta turismo jasangarria garatzeko proiektuak jarriko dituzte martxan.
  • Trantsizio ekosoziala. Gasoliozko galdaren ordez bestelako energia batzuk erabiltzen dituztenak jartzeko proiektu pilotu bat abiatuko dute, enpresen deskarbonizaziorako laguntzak eguneratuko dituzte, eta garraioaren elektrifikazioan sakondu.
  • «Hiri bizia». Komun publiko gehiago jartzea itundu dute, baita eskolaz kanpoko jarduerak sustatzea zaurgarritasun handieneko zentroetan, eta zenbait eraikuntzari bide ematea: aparkaleku bat Ariznabarra auzoan, eta Errugbiaren Hiria Gamarran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.