Fernando Buesa Fundazioak salatu du Gasteizko jaietan euskal presoen eskubideen aldeko pankarta ugari jarri dituztela. Salaketa horri segida eman diote PPk eta Gasteizko Udalak berak, eta azken erakunde horrek esku hartzea erabaki du: pankarta ugari kentzen hasi da.
Esaterako, Arabako EHUko campusaren inguruan dagoen txosnagunean zenbait pankarta kendu ditu gaur bertan. Udalak gogoratu du «aurreko urteetan bezala» eginahal horretan jarraituko duela euskal presoen eskubideen aldeko pankartarik egon ez dadin «espazio publikoetan».
Maider Etxebarria alkatearen (PSE-EEko) udal gobernuak esan du «batzuek, tamalez, festak politizatzen» jarraitzen dutela, eta horregatik esku hartu dutela, pankartak erretiratuta txosnetatik. Fernando Buesa fundazioak helarazi du «gizarte sano batean» ez dela onartu behar espazio publikoan horrelako pankartarik, haren arabera «hamarkada askoan indarkeria terroristan aritu zirenak» laguntzeko direlako.