Gasteizko Udalak 1.500 euroko isuna jarri die greba orokorra antolatu zuten sindikatuei

Zigor espedientea zabaldu die ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuei, herritarrei grebaren inguruko euskarri informatiboak emateagatik. Sindikatuek, udalaren erabakia salatu, eta atzera egiteko eskatu diote.

Greba orokorreko paskinak lurrean, Gasteizen, martxoaren 17an. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Greba orokorreko paskinak lurrean, Gasteizen, martxoaren 17an. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2026ko uztailaren 16a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1.500 euro. Horra zenbatekoa den ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuei Gasteizko Udalak jarri dien isuna. Sindikatu horiek greba orokorra antolatu zuten martxoaren 17an Hego Euskal Herrian, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa eskatzeko. Udalak, ordea, eskatzen zuten gutxieneko soldataren adinako isuna jarri die orain, herritarrei kartel eta pankarten bidez grebaren berri ematean «arau hauste oso larria» egitea egotzita. Sindikatuek udalaren erabakia salatu dute, eta nabarmendu zigorra «eskandalagarria» dela.

Gasteizko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin dute gaur goizean, horren berri emateko. Eta, adierazi dutenez, isunaren zenbatekoa eta eskatzen zuten gutxieneko soldatarena bat etortzea ez da ausazko kontua: «Ez dugu uste kasualitatea denik; euskal langileriarentzat eta Gasteizko langileentzat sinbolismo argia duen kopuru hori eredugarri bihurtzeko interesari erantzuten dio». Udal gobernuaren «jarrera antisindikala» kritikatu dute sindikatuek, eta egotzi diote langileen aurka egitea. «Isunen bidez, lan arloko eskaerak isilarazi nahi dituzte, greba eskubideari eraso nahi diote, eta etorkizuneko mobilizazioak baldintzatu», azpimarratu dute.

Sindikatuek nabarmendu dute greba «arrakastatsua» izan zela, eta, besteak beste, deialdia zabaltzeko egindako lanari esker izan zela halakoa. «Horren ondorioz, hamarnaka mila pertsonak baliatu zuten grebarako eskubidea, eta mobilizazio jendetsua egin zuten hirian, deialdiari lotutako eskaerarekin bat eginda».  Era berean, gogorarazi dute Eusko Legebiltzarrean EAJk eta PSE-EEk atzera bota zutela gutxieneko soldatari buruzko herri ekimen legegilea, zeina 138.000 herritarrek babestu zuten.

Horiek horrela, bost sindikatuek dei zuzena egin diete udalari, eta bereziki EAJ eta PSE-EE alderdiei. Alde batetik, exijitu diete bertan behera uztea mobilizatzeko helburuz antolatzen diren «langileen aurkako jarrerak». Eta, beste alde batetik, eskatu diete beste bide bat hartzeko eta 1.500 euroko gutxieneko soldata «errealitate» izan dadin «inplikatzeko». Izan ere, sindikatuek argi utzi dute beren eskariari eutsiko diotela, isun eta oztopoen gainetik: «Langileria antolatzen, informatzen eta mobilizatzen arituko gara aurrerantzean ere, lan baldintzak hobetzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA