Gasteizko Udalak 6,5 euroko tasa turistikoa ezarriko die bost izarreko hotelei eta etxebizitza turistikoei

EAJk eta PSE-EEk akordioa itxi dute Elkarrekin taldearekin zerga onartzeko. 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean neurria, eta lortutako dirua turismoaren eragina arintzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko erabiliko dute.

Turista talde bat Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Turista talde bat Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 22a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udalak egonaldi turistikoen gaineko zerga ezarriko du 2027tik aurrera. EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak eta Elkarrekin taldeak akordioa egin dute tasa turistikoa ezartzeko, eta, horren arabera, bost izarreko hoteletan eta erabilera turistikoko etxebizitzetan ostatu hartzen duen pertsona bakoitzak 6,5 euro ordaindu beharko ditu egun bakoitzagatik —gehienez sei gau ordaindu beharko ditu—.

Gaur lortutako akordioa Ogasun Batzordean eztabaidatuko dute bihar, eta, ostiraleko osoko bilkuran onartu ondotik, azaroan onetsiko dute behin betiko. Ezusterik ezean, datorren urteko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean tasa berria.

Ostatu turistikoetan, tasa bidaiari bakoitzeko eta gau bakoitzeko aplikatuko da, establezimendu motaren arabera. Tarifak 0,50 eta 6,50 euro artekoak izango dira: 0,50 euro ordainduko dute nekazaritza turismoko establezimenduetan ostatu hartzen dutenek; 0,75 euro izar bateko hoteletan, pentsioetan, kanpinetan, aterpetxeetan eta landetxeetan lo egiten dutenek; euro bat bi izarreko hoteletan geratzen direnek; 3,50 euro lau izarreko hoteletan ostatu hartzen dutenek; 5 euro hiru izarreko hotelak, apartamentu turistikoak edo bestelako ostatuak aukeratzen dituztenek; eta 6,50 euro bost izarreko hoteletan eta erabilera turistikoko etxeetan geratzen direnek, etxea osorik zein logelaka alokatuta.

Tasa ez zaie aplikatuko 18 urtetik beherakoei. Era berean, hainbat salbuespen aurreikusten dira: besteak beste, Imserso moduko programa sozialen bidez bidaiatzen dutenak, desgaitasun maila handia dutenak eta haien laguntzaileak, ikasketengatik edo ikerketengatik ostatu hartu behar dutenak, senideren bat ospitaleratuta daukatelako hotel batean lo egin behar dutenak eta larrialdi batengatik edo ezinbesteko arrazoiengatik ostatu hartzera behartutakoak.

Masifikaziorik ez

Gasteizko Udalak uztail amaieran aurkeztu zuen tasaren proiektua. Orduan azaldu zuenez, 2025ean 394.000 bidaiari eta 934.835 ostatu gau erregistratu ziren hirian. Udal gobernuaren esanetan, datuek erakusten dute turismoaren bilakaera «goraka» doala hirian baina ez dagoela masifikazio arazorik. Hori dela eta, zerga «planifikazioaren, jasangarritasunaren eta erantzukidetasunaren» ikuspegitik planteatu du.

Maider Etxebarria alkateak gaur azpimarratu du «erantzukizun partekatua» dela. Haren esanetan, hiria bisitatzen dutenek udal zerbitzuak, ondarea eta espazio publikoak erabiltzen dituzte, eta «zentzuzkoa» da ekarpen bat egitea halakoen mantentze lanetarako. 

Elkarrekin taldearen arabera, berriz, neurriak aukera ematen du turismoaren hazkundearen ondorioei aurrea hartzeko. Garbiñe Ruiz bozeramaileak azaldu duenez, taldeak ez du turismoaren aurka egin nahi, baina etxebizitza, auzoen bizikidetza eta hiriko beste alderdi batzuk babestu nahi ditu. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA