Gasteizko Udalak Fiskaltzari igorriko dio presoen aldeko topa bati buruzko informazioa

Judimendi auzoko San Joan jaietan egingo dute presoen aldeko ekitaldia, eta Covitek eta PPk debekatzeko eskatu dute. Maider Etxebarria alkateak kritikatu du «higuingarria» dela «ETAko kideak goratzea».

Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko ekainaren 23a
15:46
Entzun

San Joan jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan Gasteizko Judimendi auzoan, eta, besteak beste, presoen eskubideen aldeko kalejira eta topa antolatu dituzte gaurko 20:30erako. Asteon, Covite biktimen elkarteak eta PPk salatu izan dute «terrorismoa» goratzeko ekitaldiak egitekoak zirela jai horietan, eta instituzioei eskatu zieten horiek debekatzeko. Gaur jakin da Gasteizko Udalak Fiskaltzari helaraziko diola presoen aldeko topari buruzko informazio guztia, deliturik egingo ote den azter dezan.

Gasteizko alkate Maider Etxebarriak esan du «guztiz higuingarria» dela «ETAko kideak goratzea», eta ohartarazi aztertu egingo dutela udalak ekitaldi horiek diruz lagundu dituen ala ez. «Fiskaltzari jakinarazi diogu, deliturik dagoen erabaki dezan, eta, hala bada, zigor arloko jurisdikziora eraman dezan», azaldu du.

Fiskaltzari dagokion informazioa bidaltzeaz gain, auzo elkarteak presoen eskubideen alde deitutako kalejirari adi egongo da gaur Ertzaintza, Etxebarriak jakinarazi duenez. «Ez da lehen aldia Judimendiko jaietan horrelako ekitaldiekin lotutako polemika bat daukagula, baina ez ditu inolaz ere auzoko bizilagunak ordezkatzen», azpimarratu du.

Covitek eskatua zien instituzioei «ETAri eta bere terroristei babes espliziturik» ez emateko. «Erakunde publikoek diru publikoaren erabilera hobeto kontrolatu beharko lukete, diru hori ETA goratzeko eta hiltzaileei laguntzeko erabil ez dadin», ohartarazi zuen.

Gaiari buruz galdetuta, Ibon San Saturnino EH Bilduren Arabako koordinatzaile nagusiak esan du ez duela elikatuko eztabaida hori. Judimendin deitutako ekitaldiak euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko eta salbuespeneko espetxe politika ezabatzeko direla gogoratu du Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean.

PPri, berriz, ez zaizkio nahikoa iruditu udalak hartutako neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.