Gasteizko Udalak frankismoarekin loturiko hiru kaleren izenak kenduko ditu, eta hiru emakume «erreferenterenak» jarri

Vicente Abreu, Carlos Saenz de Tejada eta Juan de la Cierva kaleen izenak aldatuko ditu udalak. Hala ere, frankismoarekin lotura duten beste hainbat kaleren izenak bere hartan utziko dituzte.

Gasteizko Obispo Ballester kalea. BERRIA
Gasteizko Obispo Ballester kalea. BERRIA
2026ko uztailaren 2a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udalak diktadura frankistarekin lotura duten hiru kaleren izenak aldatuko ditu. Maider Etxebarria alkateak azaldu duenez, kale horien izenak hiru emakume «erreferenteren» izenekin ordezkatuko dituzte. Aldiz, frankismoarekin erlazionatutako beste izen batzuk bere hartan geratuko dira oraingoz.

Vicente Abreu, Arabako gobernadore militar eta diktaduraren hasieran diputatu nagusi izandakoaren omenez dagoen kalea, Frida Kahlo margolari mexikar feministak ordezkatuko du. Carlos Saenz de Tejada Armada Nazionaleko prentsa eta propaganda zerbitzuko ilustratzailearen izenaren ordez, Paz Diaz de Espada margolari gasteiztarrarena jarriko dute. Eta Juan de la Ciervaren izena duen kaleari —1936ko estatu kolpean parte hartu zuen De la Ciervak— Margarita Salas biokimikariarena jarriko diote.

2025eko maiatzean, hainbat gizarte kolektibok mozio bat aurkeztu zioten Gasteizko udalbatzari frankismoko bost kale izendapen kentzeko, eta udalak aintzat hartu zuen. Proposamena sakon aztertzeko, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak koordinatutako aditu talde bat osatu zuten. Orain, talde horrek egindako txostenean lortutako adostasunari esker, udalak Gasteizko hiru kaleren izenak kentzea erabaki du.

Aldiz, oraindik ez dituzte kenduko beste izen batzuk; adibidez, diktadurako bigarren alkate Jose Lejarretarena eta Carmelo Ballester apezpikuarena, zeinak ekitaldi nazietan parte hartu baitzuen. Bestalde, Pedro Orbea kalearekin zer egingo duten ez dute erabaki; Orbeak zinegotzi lanak egin zituen 1949 eta 1951 artean, Deportivo Alaveseko presidente izan zen, eta Orbea bizikleta enpresaren jabea ere bai.

Bestalde, udalak ikur frankistak dituzten 37 plaka kentzeko prozedura hasiko du uztaila eta iraila bitartean. Hainbat auzotako hogei kale ingurutatik kenduko dira elementu horiek —Judimendi, Abetxuku, Pilar eta Sansomendi auzoetatik, besteak beste—. Horrez gain, teknikariek frankismo garaian egindako eraikinak berrikusten jarraituko dute, frankismoko sinbolo gehiago identifikatu eta ezabatzeko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA