Gasteizko Udalaren errolda politikak bizitzea «ezinezko» egiten duela salatu dute

Gasteizko Udalak errolda eskubidea urratzen duela salatzeko manifestazioa egin dute. Erroldarik ez izateak bizimodua mugatzen duela ikusarazteko ibilbidea egin dute, eta aldarrikatu inor ez dela ilegala.

Manifestariak, Gasteizko kaleetan zehar. RAUL BOGAJO / FOKU
Manifestariak, Gasteizko kaleetan zehar. RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko ekainaren 5a
21:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Arriagako atean bizi da Samira, baina Gasteizko Udalaren erregistroetan ez da ageri. «Iruzur egin zigun etxejabe batek, gure zaurgarritasuna aprobetxatuta. Haren etxean gonbidatu gisa bizi gara, eta hori ez da nahikoa errolda agiria lortzeko Gasteizko Udalarentzat», kontatu dio BERRIAri itzultzaile baten laguntzaz. Udaletxeak jarritako baldintzen arabera, bizitoki bat behar da erroldan izena emateko; etxebizitza jabetzan izan behar da, edo alokairua frogatu. Udalaren eskutitzak iristen zaizkiola azpimarratu du.

Samirak 500 euro ordaintzen du logela bakarreko etxebizitza batengatik; aurretik, lau hilabetetako kuota aurreratu zuen. Hiru bizi dira; tartean, nerabe bat. Erroldarik gabe, bizitzea «ezinezkoa» zaiela kontatu du. «Gizarte laguntzak ukatu egiten dizkigute, osasun txartelik ez daukat, bankuan ezin izan dugu konturik ireki...». Haren semea behin baino gehiagotan saiatu da ikastaroren batean izena ematen, prestakuntza jaso eta lanean hasteko, baina ezinezkoa izan zaio. «Gizarteratzeko zailtasun bat gehiago da. Are gehiago baztertzen gaitu erroldarik ez izateak».

Instituzioek jaramonik ez diotela egin salatu du. «Gizarte zerbitzuetako langileek ez digute batere lagundu, eta manifestazio bat antolatu behar izan genuen Alokabiderekin hitz egin ahal izateko». Auzoan Bizi kolektiboarentzako esker oneko hitzak izan ditu. «Euren lanari esker, errolda soziala lortu berri dut, bi urte baino gehiagoren ondoren». Etxerik ez duten edo bizigarriak ez diren tokietan bizi diren pertsonentzako erdibideko agiri bat da.

Rajaeren kasua alderantzizkoa da: errolda agiria galtzeko arriskuan dago. «CEARen bidez, asilo eskaera batekin iritsi nintzen, eta hotel batean bizi naiz. Asilo eskaera ukatu egin zidaten, eta esan zidaten hotel batean bizi naizenez ezin dudala errolda eskuratu», kontatu dio BERRIAri, honek ere itzultzaile baten laguntzaz. Bi adingabe ditu bere ardurapean, 2 urtekoa bata eta 10 urtekoa bestea. «Psikologikoki oso gaizki ari dira pasatzen, beldur handia dute. Bizilagunek mehatxatu egiten gaituzte». Are, umeetako batek alergia arazoak ditu, baina botikak lortzeko zailtasunak dituzte. «Ia ez dut esperantzarik. Errolda agiririk gabe uzten bagaituzte, hutsetik hasi beharko dugu berriz».

Bost toki, bost aldarri

Bi adibide dira, baina Erroldarik Gabe Bizitzerik Ez sarearen arabera «ehunka» dira horrelako kasuak. «Zapalkuntza eta esplotazio egoera handienean dauden pertsonak dira: atzerritarrei buruzko lege kriminalaren ondorioz egoera administratibo irregularrean eta lan baimenik gabe daudenak, higiezinen eta etxejabeen aurreiritzi arrazistengatik etxebizitzaren merkatura sartu ezin direnak, lan eta lan aritu behar dutenak...», zehaztu du Aitor Agiriano bozeramaileak.

Egoera salatzeko, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Gasteizko erdigunean. Plaza Berritik abiatu eta arazoa irudikatzen duten bost toki kateatu dituzte: Espainiako Gobernuaren azpidelegazioa, Santiago Apostol ospitalea, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea, eta Hezkuntza eta Urgentziazko Gizarte Zerbitzuen bulegoa. Puntu bakoitzean, egoeraren inguruko pankarta bat erakutsi dute. Esaterako, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren atarian, lanerako eskuak espero zenituzten eta pertsonak etorri ziren zioen kartel bat erakutsi dute; Osasunerako eskubidea bermatzeko errolda guztiontzat, Inor ez da ilegala, Hezkuntza eskubideak bermatzeko errolda guztiontzat eta Elikadura eskubidea bermatzeko errolda guztiontzat izan dira beste leloak.

Txalo eta oihu artean erantzun diete manifestariek. Hainbat gizarte eragile izan dira bertan: Auzoan Bizi sarekoak, Herrizomakoak, Errekaleorreko bizilagunak, Batutakoak edota pentsiodunak. Mobilizazioak ia 50 eragileren babesa jaso du, eta beste zenbait norbanako ere izan dira.

«Gizarteratzeko zailtasun bat gehiago da. Are gehiago baztertzen gaitu erroldarik ez izateak» 

SAMIRAErrolda eskaera ukatu diote

Errolda «eskubide eta betebehar» bat dela azpimarratu du Agirianok. Udalerri batean bizi diren pertsona «guztiak» jaso behar dituela gaineratu du, bizitokia edozein dela ere. Horregatik, Gasteizko Udalaren jokabidea «legez kanpokoa» dela ohartarazi du. Are, errolda ukatuta «oinarrizko eskubideak» ukatzen ari dela salatu du.

«Erroldatzea jabeen esku uzten duten politikak bertan behera» uzteko exijitu dio udalari, eta herritarrei mobilizatzeko deia egin die. «Antolatu gaitezen eta egin diezaiegun aurre politika arrazistei, okupazioaren aurkako erasoei, txiroen aurkako gerrari eta eta errentarien eta jabeen zigorgabetasunari».

Manifestua irakurri aurretik Korda espazioaren desegitea gaitzetsi dute. Horrelako tokirik gabe mobilizazioak antolatzea «ezinezkoa» dela esan du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.