Gasteizko Udalaren eskaintza etxegabetutako familia bati: logelak alokatzen dituzten enpresen telefono zerrenda bat

Elkarrekin-ek salatu du astelehenean etxegabetu zuten familia batek bere kabuz bilatu behar izan duela non bizi. Taldeak galdegin du instituzioen arteko koordinazio mahai bat eratzea etxegabetzeak gelditzeko, premiazko mozio baten bidez.

Ena Valentina —asteon etxegabetutako emakumea— David Rodriguez eta Laura Fernandez batzarkideekin batera, gaurko agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
Ena Valentina —asteon etxegabetutako emakumea— David Rodriguez eta Laura Fernandez batzarkideekin batera, gaurko agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko urriaren 9a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udalak alokairuko etxeak eta logelak eskaintzen dituzten enpresen eta jabeen telefono zenbakien zerrenda bat eman zion San Martin auzoan etxegabetutako familia bati, beste bizileku bat aurkitzeko alternatiba gisa. Ena Valentinak bi seme-alaba adingabe ditu, 13 urtekoa bat eta 10ekoa bestea, eta urriaren 5ean etxetik bota zituzten. Etxegabetzearen ondoren, ordea, ez zuten bizitzeko toki egokirik aurkitu, eta, lehen gaua bananduta igaro ondoren, pentsio bateko gela batean hartu behar izan zuten ostatu. Egoera hori salatu du gaur Elkarrekin-IUko batzarkide taldeak, etxegabetutako emakumearekin batera egindako prentsaurrekoan. «Lotsagarria da instituzio baten erantzuna hori izatea», salatu du David Rodriguez batzarkideak.

«Telefono zerrenda hau gizarte langileak eman digu», azaldu du Valentinak, etxebizitza bilatzeko izandako zailtasunak kontatzean. Haren esanetan, etxetik bota aurretik ere saiatu zen beste pisu bat bilatzen, lagunen, eskolako haurren familien eta ezagunen bidez, baina ez zuen aukerarik aurkitu. Etxegabetu ondoren, berriz, udalak emandako telefono zenbakietara deitzen jarraitu du, baina leku asko beteta daude, eta beste batzuek nominak edo bestelako baldintza ekonomikoak eskatzen dizkiete alokairua eskuratu ahal izateko.

«Etxe bat aurkitu behar dut, zerbait hobea», adierazi du emakumeak. «Orain, lo egiteko, dutxatzeko eta janaria prestatzeko toki bat aurkitu nahi dugu». Izan ere, egungo ostatuak  ez die aukerarik ematen eguneroko oinarrizko beharrak behar bezala asetzeko: gela txiki batean bizi dira ama eta bi seme-alabak, ez dute sukalderik, eta bainugela beste pertsona batzuekin partekatzen dute. Horren ondorioz, etxegabetu zituztenetik ogitartekoak jaten ari dira, ezin baitute janaririk prestatu.

Etxegabetzeak
Etxegabetutako emakumeari Gasteizko Udalak emandako telefonoen zerrenda. BERRIA

Valentinak gogoratu du etxegabetu zuten egunean ezin izan zutela hirurek elkarrekin lo egin: seme-alabek lagun baten etxean igaro zuten gaua, eta amak beste lagun baten etxeko egongelan egin zuen lo. Biharamunean aurkitu zuten pentsio bateko gela, hiru ohekoa. «Seme-alabak gaizki pasatzen ari dira. Ohe honetan oso triste gaudela esaten didate haiek, eta nik, pixkanaka zerbait hobea bilatuko dugula», azaldu du.

Emakumeak aitortu du ez zuela inoiz pentsatu halako egoera bat egokituko zitzaionik. Erakunderen bat etxebizitza bilatzen laguntzeko harekin harremanetan jarri ote den galdetuta, erantzuna argia izan da: «Ez, ez dago ezer. Denek esaten didate ez dagoela ezer». Hala ere, azaldu du azken egunetan aurkitu egin dutela ostatua baino pixka bat hobea izan daitekeen toki bat.

Rodriguezek salatu du etxegabetu duten norbaiti ez dagokiola bere kabuz bizileku bat bilatzea, are gutxiago zailtasunak baldin baditu alokairurako baldintza ekonomikoak betetzeko. «Ez da onargarria enpresen eta errentatzaileen telefono zerrenda bat ematea emakumeak dei dezan, eta haurrekin bizitzeko inolako baldintzarik ez duten logelen eskaintzak aurkitzea». Batzarkideak uste du erakundeek berandu erantzuten dietela etxegabetzeei, eta beharrezkotzat jo du Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak —baita lurraldeko gainerako udalek ere— elkarrekin jardutea.

Abendaño ikastolaren babesa

Etxegabetutako bi adingabeak Abendaño ikastolako hezkuntza komunitatearen babesa jasotzen ari direla jakinarazi du Laura Fernandez Elkarrekin-eko batzarkideak. Azaldu duenez, familiari laguntzen ari zaizkio eguneroko premiei erantzuten: besteak beste, haur bat etxe batean bazkaltzen ari da, bestea jantokira joaten da, eta amak ahal duen tokian moldatu behar du, ezin baitu janaririk prestatu. «Ez dute bizitza normalizatua izateko oinarrizko baldintzarik», salatu du.

Hala ere, Fernandezek azpimarratu du herritarren elkartasuna ez dela nahikoa. «Hau arazo sozial bat da», esan du, eta erakundeei eskatu die Valentinaren eta antzeko egoeran dauden familien bizileku beharrari erantzuteko, gizarte alokairua, laguntzak eta ostatu alternatibak eskainiz.

Azken asteetan hainbat familia zaurgarri bota dituzte etxetik Gasteizen. Elkarrekin-ek emandako datuen arabera, irailaren 25ean bi adingabe dituen familia bat etxegabetu zuten Kanpokale Berria kalean; irailaren 30ean, beste familia bat Alberto Schommer kalean; eta urriaren 2an, bi adingabeko dituen beste familia bat Zerkabarren kalean. Hilaren 23rako beste etxegabetze bat dago aurreikusita Sansomendi auzoan: sei adingabe dituen familia batena.

«Ez da onargarria enpresen eta errentatzaileen telefono zerrenda bat ematea emakumeak dei dezan, eta haurrekin bizitzeko inolako baldintzarik ez duten logelen eskaintzak aurkitzea»

DAVID RODRIGUEZElkarrekin-IUko bozeramailea

Rodriguezek gogorarazi du Araban 445 etxegabetze egin zirela 2025ean, Euskal Autonomia Erkidegoan egin ziren guztien erdiak. Horrek bereziki kezkatzen ditu, kontuan hartuta Arabak 350.000 biztanle inguru dituela eta etxegabetze horiek ezkutu sozialean jasotako neurriak indarrean zeudenean gertatu zirela. Koalizioaren esanetan, otsailean babes sozialeko neurriak indargabetu ondoren, berriz abiatu dira etenda zeuden prozedura judizial batzuk, eta familia zaurgarriei eragiten ari zaizkie. Horren harira, Etxebizitza Sindikatuak ere ohartarazi du Araban 28 adingabe daudela etxegabetze arriskuan. Kasu horietako askotan, kontratuak amaitzearekin lotutako gatazkak daude tartean, eta sei familiak prozedura judiziala irekita dute.

Egoera horri erantzuteko, batzarkide taldeak premiazko mozio bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan, eta hiru eskaera bildu ditu. Batetik, etxegabetzeen aurkako koordinazio mahai bat sortzea Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta lurraldeko udalen artean. Mahai horren helburua litzateke familia zaurgarriei gizarte eta etxebizitza arloko erantzun bateratua ematea, jarduteko protokolo argi bat ezarrita eta erakundeen arteko koordinazioa bermatuta. 

Bigarrenik, eskatu du etxegabetzeak gauzatu aurretik premiazko neurriak hartzeko familia zaurgarriak babesteko, hau da, haien egoerari egokitutako bizileku alternatiba bat bermatzeko edo etxegabetzea eteteko. Elkarrekin-ek dio erakundeek ez dutela familia bat etxebizitzarik gabe utzi behar, batez ere adingabeak tartean daudenean, aurretik bizileku egoki bat eskaini gabe.

Hirugarrenik, mozioa onartuz gero haren kopia lurraldeko udal guztiei bidaltzea proposatu du, erakunde guztiek neurriak har ditzaten eta koordinazio mekanismo horretan parte har dezaten. Koalizioak gogorarazi du EAEko Etxebizitza Legeak foru aldundiari ere ematen diola etxebizitzaren arazoari heltzeko eta gainerako erakundeekin koordinatzeko ardura.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA