Abenduaren 23tik Bilboko Metroko presidente kargua Eusko Jaurlaritzako Hiritarren Partaidetzarako zuzendaritzarekin bateratzen ari da Txema Oleaga. Atzo eguerdian hartu zuen BERRIA, metroko beharginak lanuztea egiten ari ziren bitartean.
Hamaikagarren lanuztea egiten ari dira. Zein datu duzue?
Gorabeherarik gabe doa. 71 langilek egin dute bat lanuztearekin, eta aurreko greban 114 izan ziren. %30eko gutxieneko zerbitzuen gainetik gabiltza, %60 inguruan.
Greba egunetan normaltasuna lortzeak gatazka eta lanuzteak normalizatzea dakar?
Sindikatuekin eztabaidatu izan dut hori, kezkatzen nauelako. Garraioa bezalako zerbitzu publiko oinarrizko bateko greba ez da greba normal bat: ez duzu etekin ekonomikoak dauzkan enpresa baten aurka egiten, herritarren kontra baizik. Herritarrek beste irtenbide bat topatu behar dute, baina greba egunetan ere metroa izan da garraiobiderik erabiliena, fidagarriena eta seguruena.
Uztaileko akordioaren bost puntu betetzen ez direla salatzen du langile batzordeak, baina ez dira eskakizun konplexuak; zergatik ari da hainbeste korapilatzen gatazka hau?
Kanpotik begiratuta, konponbideak erraza eman behar luke, gatazka soilik lan esparrukoa balitz. Adibidez, Gabon gaueko zerbitzua: herritarrek eskatu dute, erakundeen bidez; beraz, enpresak zerbitzu publiko hori bermatu behar du, eta horretarako langileekin akordioa lortu. Ezin da negoziatu zerbitzu hori eman behar den ala ez, baizik eta nola eman, zein baldintzatan. Gabon gauean zerbitzua ematearen aurka ez litzateke grebarik egin beharko.
Arazoa ez da zerbitzu hori ematea ala ez, baizik eta zerbitzu hori ez dagoela lan itunean araututa.
Bai, baina ituna sinatu ostean eskatu zuten Batzar Nagusiek zerbitzu hori. Zer egin behar da? Negoziatu.
Zein puntutan ikusten duzu errazago adostasuna lortzea?
Uste dut bost puntuak konpon daitezkeela, eta gainera, dirudiena baino errazago. Gatazkak konponbidea du, lan arloan mantenduta. Langileen aldarrikapenek ez dute enpresaren funtzionamendua arriskuan jartzen, eskaera normalak dira, eta, era berean, horiek bere gain hartzeko malgutasuna ikusi dut zuzendaritzan. Orduan, zergatik ez diogu elkarrizketari aukera bat ematen? Uste dut irtenbideak salomonikoa beharko duela, ez batarentzat ez bestearentzat, zeren bi aldeek dituzte arrazoizko argudioak.
Orain gutxira arte, gatazka bitartekari baten bidez konpontzearen aldekoa zen zuzendaritza; orain enpresa barruan utzi nahi duzue. Zergatik aldaketa hori?
Sindikatuekiko lehen bileran ikusi nuelako arazo sakonagoa dagoela: mesfidantza. Beraz, enpresa barruan konpondu behar dugu, bestela etengabe egongo gara gatazkan, alde bat ez delako bestearekin fidatzen. Sindikatuekin konpromisoa hartu dut langileen eta enpresaren arteko harremanak hobetzeko moduak bilatzeko, zeren batzuetan arazoa izan da sindikatuei ez dizkietela gauza batzuk azaldu.
Giroa ozpinduta dagoela agerikoa izan zen San Tomasen: Loly de Juan presidente ohiak sabotajeak egitea egotzi zien langileei, beste hainbat agintarik zalantzan jarri zuten grebarako eskubidea...
Grebarako eskubidea ez da inoiz auzitan jarri, baina greba egiteko data bai, kritikatu genuen. San Tomas aukeratu zuten nahita, inpaktu handiagoa izateko, baina praktikan greba egin zieten merkatariei, egunaz gozatu nahi zuten herritarrei, gauean San Mamesera joan nahi zuten zaleei...
Hilaren 19rako manifestazio bat prestatzen ari dira langileak.
Ni hilaren 18an bilduko naiz sindikatuekin, beraz, zertarako antolatu dute greba bat hurrengo egunerako? Badirudi aurreikusten dutela akordioaren aukera ez onartzea. Ez dut pentsatu nahi hala denik, baina bestela kasualitatea litzateke.
Zure izendapenak lagun zezakeela zirudien, baina 2011ko soldatak izoztu dizkiete langileei.
Enpresaren erabakia izan da, baina derrigortuta hartu dugu, bestela prebarikazioa egingo genukeelako. Gobernu zentralak eta EAJk lortutako aurrekontu akordioan, langile publiko guztien soldatak izoztea adostu zen. Metroak beharginen soldata igo zuenean akordio hura hautsi zuen, zalantza zuelako metroan aplikatu behar zen ala salbuespena egin zitekeen. Lege hutsune hori txosten baten bidez argitu dugu.
Zenbat diru itzuli beharko dute, eta nola?
Datorren astean jakingo dugu zehazki, baina, estimazioen arabera, mila eurotik gora izango dira. Eskaini diegu moduren bat bilatzea, ordaindu beharrekoaren inpaktua arintzeko.
Auzi horrek EAJren kritikak eragin ditu. Gaitasun eza aipatu du Juan Maria Aburtok, eta gauzak txarto nahita egin dituzuela.
Esku sartze politiko asko egon da; sozialistak agintean daudenetik matxura gehiago daudela esatera heldu dira politikari batzuk. Mantenuko langileek eurek eskatu didate hori gezurtatzeko, eta sabotajerik ez dagoela frogatzeko txosten bat eskatu dugu.
Zazpi hilabetean, Metroko hirugarren presidentea zara. Aldaketek ez al dute egonkortasuna eragiten?
Metroaren kudeaketa kontseilari ordezkariaren esku dago, beraz, ez dago arriskurik.
Loly de Juanen dimisioa ez da oso argi geratu.
Arrazoi pertsonalak aipatu zituen, errespetatu behar da. Baina uste dut berarekin bidegabe jokatu dutela: asko eman dio metroari, eta pertsona zintzoa da, baina denok egiten ditugu akatsak. Uste dut bere kasuak azaleratu duela batzuetan politikak ez daukala gizatasunik.
Gatazka konpontzen den egunean, zertaz hitz egingo dugu Metroa aipatzean?
Bi erronka handi daude: bata, ibilbidea luzatzea, eta lurraldean sarea eraikitzea, hiriburuaren inguruan; eta bigarrena, modernizatzea: Metro automatikoak jauzi kualitatiboa ekarriko du. Erronka zirraragarriak dira, eta giro ona eskatzen dute enpresan.
Txema Oleaga. Bilboko Metroko presidentea
«Gatazkak konponbidea du, lan arloan mantenduta»
Metroko lan gatazkaren bi aldeetan arrazoizko argudioak eta borondate ona ikusi ditu Oleagak, baina giroa gaiztotuta dagoela ere aitortu du presidente berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu