Getxoko zabor biltzaileen greba

Gaur erantzungo dio enpresak Getxoko zabor biltzaileen proposamenari

Getxoko zaborra biltzeko zerbitzuak hiru aste daroa greban; lanpostu suntsiketa eta soldata jaitsiera salatu dituzte. Eguaztenean egin zuten azken bi asteetako bilera bakarra.

Joan den astelehenean elkarretaratzea egin zuten langileek. HIRUKA
2015eko martxoaren 27a
22:04
Entzun

Hiru aste dira Getxoko Cespa-Asaser enpresako langileek greba mugagabea hasi zutela. Kale garbitzaile eta hondakin biltzaileen langile batzordeak ez ditu onartzen enpresak eta Getxoko Udalak proposatu dizkieten murrizketak. Beharginek erretiratuko direnen hamabost lanpostuak betetzea, soldatak KPIaren araberako igoera izatea eta hitzarmeneko gainontzeko baldintzak errespetatzea eskatzen dute, greba amaitutzat emateko. Bi astez ez atzera ez aurrera egon dira negoziazioak. Eusko Jaurlaritzak presio egin die berriz mahaiaren bueltan esertzeko. Eta herenegun bildu ziren. Langileek proposamen berri bat egin diote enpresari. "Amore eman dugu hainbat kontutan, eta orain enpresak egin beharko du beste horrenbeste". Gaur 10:00etan jasoko dute erantzuna.

ELAk azaldu duenez, Getxoko Udalak kale garbiketa eta hondakin bilketaren zerbitzura bideratutako aurrekontu saila %40 murriztu du: ia bi milioi euroko diru sorta zen, eta 1.200.000koa da egun. Enpresaren arabera, horrek eragin du lanpostuak galtzea, lan kargak handitzea eta zerbitzuaren kalitatea okertzea. Orain arte, zabor bilketa gauez egiten zen, eta zerbitzua goizera pasatzea aztertzen ari dira. "Gauean ari direnek 300 euro gehiago jasotzen dituzte, gutxi gorabehera. Lana goizean eginez gero, sari hori galduko lukete", adierazi du Alberto Fernandez Bilbao Cespa langile batzordeko presidenteak. Egoera horretan, beharginek orain arteko lan baldintzak errespetatzeko eta mahai gainean jarritako murrizketak ez egiteko eskatu dute.

Horrez gain, euren hitzarmenaren negoziazioari berriz heltzeko eskatu dute; izan ere, 2012ko abenduan egin zen azkena. "Libre gelditzen diren lanpostuak ez dira betetzen. Ehun langile baino gehiago ginen, eta 80 inguru izango gara". Orain arte, erretiroek eraginda hutsik geratuko diren lanpostuen %100 betetzea nahi zuen langile batzordeak. Herenegun aurkeztutako proposamenean, ordea, %50era jaitsi dute zenbatekoa. "Hori da orain arte enpresak proposatzen zuen kopurua; beraz, ez onartzeak ez luke zentzurik izango". Era berean, azken urteetan soldatak izoztuta edukitzeagatik kobratu ez dutena berreskuratu gura dute.

Ez da Fernandezen lehen greba. "Duela 27 urte, lanuzteak hilabete eta hiru egun iraun zuen, eta, hartan, zabor gehiago pilatu zen kalean". Haren ustez, Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak dira: "Lanegunetan, gutxieneko zerbitzuak %80koak dira, eta, asteburuetan, %100ekoak". Gainera, langile batzordeak salaketa jarri du enpresak, grebalariak ordezkatzeko, kanpoko enpresa bat kontratatu duelako. "Gau batzuetan Barakaldoko langile batzuk ekarri dituzte. Gau normal batean baino kamioi gehiago irten ziren".

Bilketa egunak

"Istiluak ez daudenean, ematen du geure lana ez dela garrantzitsua. Baina grebak daudenean egiten dugunaren garrantzia azaleratzen da", dio Fernandezek. Egoera orekatzeko asmoz, asteon, Getxoko Udalak beste egun batzuk ezarri ditu hondakinak biltzeko. Hala, hondakin organikoak astelehen, eguazten, bariku eta domeketan batuko dira Areeta, Itzubaltzeta eta Neguri-Algortan, trenbidetik hondartzarantz. Ostera, martitzen, eguen eta zapatuetan Neguri-Algorta trenbidetik ibairantz eta Andra Marin egingo da. Ontziei, paper eta kartoiei dagokienez, eguazten eta domeketan jasoko dira. Tamaina handiko hondakinak hartzeko eguna eguaztena izango da. "Kamioiak Ertzaintzako autoek babestuta ateratzen dira kalera. Baina denok eskatzen dugu gauza bera, eta langile arteko elkartasun horrek lasaitasuna ematen digu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.