Hasi da «elkartasun feministagatik» auzipetutako Zestoako sei lagunen epaiketa

Akusazioaren lekukoek hitz egingo dute lehen saioan. Epaiketa hasi aurretik, elkarretaratze bat egin dute akusatuei babesa emateko.

Akusatuak epaitegira sartzen, eta elkarretaratzeko parte hartzaileak haiei babesa ematen, gaur goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Akusatuak epaitegira sartzen, eta elkarretaratzeko partaideak haiei babesa ematen, gaur goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Paulo Ostolaza - Kristina Martin
2025eko abenduaren 16a
09:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako epaitegian dira jada «elkartasun feministagatik» epaituko dituzten Zestoako (Gipuzkoa) sei lagunak. Gaur hasi da haien aurkako epaiketa, eta ostiralera arte iraungo du. Gizon batek 2018an jarritako salaketa batetik abiatuta, integritate moralaren kontrako delituak egozten dizkiete: gizon horren bikotekide izandako emazteki bat eta emazteki hori urte luzez babestu duten bost pertsona dira akusatuak.

Goizean goiz, epaitegien kanpoaldean elkarretaratze bat egin dute Zestoako mugimendu feministak deituta, akusatuei babesa emateko. Maddi Lertxundik hitz egin du feministen izenean: «Azken zortzi urte hauek oso gogorrak izan dira: sei akusatuek lepo atzean izan dute zigor gogorren mamua. Sinestezina iruditzen zaigu. Kasu honek argi uzten du sistema judiziala heteropatriarkala dela». 

Zestoatik etorri da auzipetuak babesteko talde jendetsua. 50 bat lagun sartu dira epaitegira, auzipetuekin eta haien abokatu Iñigo Iruinekin batera. Hedabide ugari ere bertaratu dira epaiketari buruzko informazioa emateko. Epaitegiko itxarongelan zeuden akusatuen babes taldeko kide batzuek azaldu dutenez, areto txikiago batean egitekoa zuten gaurko saioa, baina, horrenbeste jende ikusita, areto handiago batera aldatu dira.

Epaileak, akusatuen defentsarekin eta akusazioarekin hitz egin ostean, erabaki du hedabideek ezingo dutela saioaren irudirik hartu. 

Epaiketa hasi bitartean, urduritasuna nabari zen itxarongelan, eta besarkadak eta elkartasun mezuak izan dira nagusi. 10:30 inguruan hasi dira akusatuen izenak ozen esaten, eta banaka sartu dira aretoan. Gaur, lehen saioan, akusazioaren lekukoek hartu dute hitza, hau da, salaketa jarri zuen gizonaren testiguek.

Mugimendu feministako kideek azaldu dutenez, sei akusatuen lekukoak biharko saioan hasiko dira mintzatzen. Ostiralean egitekoa da azken saioa. Orduan, bi aldeek ondorioak plazaratuko dituzte, eta epaiaren zain geratuko da auzia. 

Igandean ere egin zuten elkarretaratze bat Zestoan bertan, Elkartasuna ez da delitua! lelopean. Azken urteetan han egindako jendetsuena izan zen, eta, mobilizazioa mugimendu feministak antolatu bazuen ere, denera 29 eragilek bat egin zuten adierazpenarekin. 

Zigor eskaera handiak

Epaiketan, gizonaren izen onari kalte egin izana leporatuko diete akusatuei; besteak beste, indarkeria matxista salatzeko bi elkarretaratze antolatzeagatik, Guka hedabideak zabaldu duenez: lehena, 2017ko abenduan, Erasotzaileak stop lelopean, eta bigarrena, gizonak salaketa aurkeztu ondoren, 2018ko abenduan, Elkartasuna ez da delitua lelopean. Egoera «larritzat» jo dute feministek, zigor eskaerak oso handiak baitira: fiskalak eta akusazioak bost urteko espetxealdia eskatu dute bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat (EH Bildu), eta lau urtekoa gainerakoentzat. Horretaz gain, zigor ekonomiko bat galdegin dute, baita urruntze agindua ere.

Akusatuak epaitegira iristen, gaur, Iñigo Iruin abokatuarekin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Akusatuak epaitegira iristen, gaur, Iñigo Iruin abokatuarekin. MAIALEN ANDRES / FOKU

Mugimendu feministak ez du xehetasun handirik eman auziari buruz, baina salatu du sistema judizialak babesik gabe uzten dituela indarkeria matxistaren biktimak: «Asko dira beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoirengatik erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez duten emakumeak, eta horrela izan da kasu honetan ere. Ez da harritzekoa: nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima —eta ez erasotzailea— eseriko duen sistema judizial batean?». Erasotzailea, gainera, herrian «inpunitate osoz» dabilela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.