Zestoako sei bizilagun epaituko dituzte datorren astean, «elkartasun feministagatik»

Lau eta bost urteko zigorrak eskatu dituzte, gizon baten integritate moralaren aurkako delitua egotzita.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Bilbon, azaroaren 25ean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Bilbon, azaroaren 25ean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2025eko abenduaren 9a
17:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zestoako mugimendu feministak (Gipuzkoa) salatu duenez, datorren astean herriko sei lagun epaituko dituzte Donostian. Gizon batek 2018an jarritako salaketa batetik abiatuta, integritate moralaren aurkako delituak egotzi dizkiete seiei; haren emakumezko bikotekide ohia eta urteetan andrearen babes sarea osatu duten bost lagun dira akusatuak. «Elkartasun feminista epaituko dute», salatu dute feministek.

Gizonaren izen onari kalte egitea leporatuko diete akusatuei; besteak beste, indarkeria matxista salatzeko bi elkarretaratze antolatzeagatik, Guka hedabideak zabaldu duenez: lehena, 2017ko abenduan, Erasotzaileak stop lelopean, eta bigarrena, gizonak salaketa aurkeztu ondoren, 2018ko abenduan, Elkartasuna ez da delitua lelopean. Egoera «larritzat» jo dute feministek, zigor eskaerak oso handiak baitira: fiskalak eta akusazioak bost urteko espetxealdia eskatu dute bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat (EH Bildu), eta lau urtekoa gainerakoentzat. Horrez gain, zigor ekonomiko bat galdegin dute, baita urruntze agindua ere.

Mugimendu feministak ez du auziari buruzko xehetasun handirik eman, baina salatu du sistema judizialak babesgabe uzten dituela indarkeria matxistaren biktimak: «Asko dira beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoirengatik erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez duten emakumeak, eta horrela izan da kasu honetan ere. Ez da harritzekoa: nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima eta ez erasotzailea eseriko duen sistema judizial batengan?». Erasotzailea, gainera, herrian «inpunitate osoz» dabilela salatu du: «Azaroaren 25ean gizonen arteko konplizitate sareak seinalatu genituen; kasu honek ezin argiago erakusten du anaidia horien funtzionamendua».

Elkarretaratzea igandean

Hala, akusatuei elkartasuna adieraztera deitu dute feministek, bai epaiketaren egunetan —hilaren 16tik 18ra—, Donostiako Epaitegiaren aurrean bilkurak eginez, bai igandean, 13:00etan Zestoako plazan egingo duten elkarretaratzean. «Ezinbestekoa da indarkeria matxista sostengatzen duten egitura eta mekanismo guztien aurka lerratzea», adierazi dute. Zestoako feministek ez ezik, Azpeitiko, Zarauzko eta Zumaiakoek ere deitu dute protestara: «Elkartasuna ez da delitua; horrelako erasoei elkartasun gehiagorekin erantzungo diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.