Zestoako (Gipuzkoa) sei lagun epaituko dituzte Donostian, asteartean hasita. Gizon batek 2018an jarritako salaketa batetik abiatuta, integritate moralaren kontrako delituak egotzi dizkiete: gizon horren bikotekide izandako emazteki bat eta emazteki hori urte luzez babestu duten bost pertsona dira akusatuak. Zestoako mugimendu feministak deituta, horiek babesteko elkarretaratzea egin dute gaur, eta salatu «elkartasun feminista» dela Donostian epaituko dutena.
Ikusi gehiago
Elkartasuna ez da delitua! lelopean, ehunka lagun elkartu dira herriko plazan, azken urteetan han egindako elkarretaratzerik jendetsuenean. Mobilizazioa mugimendu feministak antolatu badu ere, denera 29 eragilek bat egin dute adierazpenarekin. Talde hauek dira: 3Z, Abantzu pilota kluba, AEK-ko langileak, Agiro mendi kluba, Arroabeko Ezkaizto auzo elkarteko talde eragilea, Danbolin-eko erredakzioa, EAJ —ez dio atxikimendua adierazi mugimendu feministaren adierazpenari, baina bai elkarretaratzeari—, EH Bildu (Urola Kosta eta Urola erdialdea), ELA, Ernai, Ekain guraso elkartea, Fundizio, GKS, Gurutzeaga txirrindulari elkartea, Iraeta Denon Artean, Itaia, LAB, Pentsionistak Martxan, Portale kulturgunea, Sakulupe guraso elkartea, Urola Kostako Sortu, Txara kooperatiba, Zestoako dantzariak, Zestoako Futbol Taldea, Zestoako Gazte Asanblada, Zestoako Merkatari Elkartea, Zestoako Musika Banda, Zestoako Sare eta Zestoako Tabernarien Elkartea.
Gizonaren izen onari kalte egin izana leporatuko diete akusatuei; besteak beste, indarkeria matxista salatzeko bi elkarretaratze antolatzeagatik, Guka hedabideak zabaldu duenez: lehena, 2017ko abenduan, Erasotzaileak stop lelopean, eta bigarrena, gizonak salaketa aurkeztu ondoren, 2018ko abenduan, Elkartasuna ez da delitua lelopean. Egoera «larritzat» jo dute feministek, zigor eskaerak oso handiak baitira: fiskalak eta akusazioak bost urteko espetxealdia eskatu dute bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat (EH Bildu), eta lau urtekoa gainerakoentzat. Horretaz gain, zigor ekonomiko bat galdegin dute, baita urruntze agindua ere.

Mugimendu feministak ez du xehetasun handirik eman auziari buruz, baina salatu du sistema judizialak babesik gabe uzten dituela indarkeria matxistaren biktimak: «Asko dira beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoirengatik erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez duten emakumeak, eta horrela izan da kasu honetan ere. Ez da harritzekoa: nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima —eta ez erasotzailea— eseriko duen sistema judizial batean?». Erasotzailea, gainera, herrian «inpunitate osoz» dabilela salatu dute.
Azkenik, feministek dei egin dute datozen egunetan Donostian egingo dituzten mobilizazioetan ere parte hartzera. Epaiketa etzi hasiko da, eta eskatu dute egun horretan bertan auzipetuei babesa ematera joatekoa.