Gaur hasiko da Korrika, lehenengoz Erriberan

17:30ean abiatuko da, Tuteran; Euskal Herri osoa zeharkatuko du datorren apirilaren 5ean Gasteizera heldu artean

Garikoitz Goikoetxea.
2009ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Hemen da Korrika 16. Gaur arratsaldean, 17:30ean, abiatuko da Tuteran (Nafarroa). Aurrean ditu hamaika egun, euskararen aldarria egin eta hartara hurbildu direnei ongietorria emateko. 2.503 kilometro osatu arte, gau eta egun ibiliko dira Euskal Herri osoan, korrika. Apirilaren 5ean, Gasteizen amaituko da.

Euskal Herrira etorri, euskara ikasi eta hura transmititu dutenak, eta bertokoak izanik euskara galdu eta berrikasi dutenak ditu gogoan aurtengo Korrikak. Hala, etorkinei eta Euskal Herrian bizi diren erdaldunei adieraziko diete Euskal Herrian badela frantsesa eta gaztelania ez den beste hizkuntza bat, «geurea propioa dena». Horrekin batera, erabilera izango du ardatz Korrikak, «euskaldun osoak» baititu helburu.

Lehenengo aldiz hasiko da Korrika Erriberan, eta egun osoko jaia antolatu duteTuteran. Argia ikastolan, jokoak eta tailerrak izango dituzte goizean. 13:00ean, Herrerias kalera igaroko da jai giroa. Txupinazioa bota ondoren, bazkaria egingo dute. Arratsaldean, Korrika hasi baino lehen, jotak, dantzariak eta joaldunak izango dira, baita Kukai dantza taldearen emanaldia ere.

17:00etan izango da Korrika 16ren hasiera ekitaldia, eta ordu erdi geroago hasiko da lasterketa bera. Edurne Brouard Korrikaren arduradunak eta Aitziber Sarasola AEKren Nafarroako ardunadunak emango diote hasiera. Lehenengo lekukoa Alizia Iribarrenek eramango du, AEKren Tuterako arduradunak. «Ohore handia da niretzat, eta ilusio handiz eramango dut», adierazi du. Argia ikastolako ikasle bati pasatuko dio lekukoa Iribarrenek. Haien atzetik, ehunka eskutatik igaroko da lekukoa, beste hainbeste herritan.

Tuteran abiatuko da lasterketa gaur, eta, Nafarroa ekialdean ibilita, Iruñera larunbatean helduko da, 08:04an. Ipar aldera egingo du orduan, eta Hernanitik sartuko da Gipuzkoan. Donostiatik 23:15ean pasatuko da.

Igandea Iparraldean egingo du. 13:55ean iritsiko da Baionara. Maulera jada astelehena delarik iritsiko da, 00:45ean. Donibane Garazin 05:12an izango da. Nafarroara joko du berriro. 12:43an dute ordua Beran. Tafallara astearte goizean iritsiko da, eta Arabara egingo du. Ostegunera arte han izango da. Gipuzkoan sartuko da orduan. Goierri, Tolosaldea, eta Urola ingurua igaroko ditu. Bizkaira ostiral goizaldean helduko da. Bilbon, 18:42an izango da. Larunbata ere Bizkaian egingo du.

Igandean, apirilak 5, 12:30ean amaituko da Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan. Han irakurriko dute eskuz esku igarotako lekukoaren barruko mezua. Betagarri taldearen kontzertua ere izango da. Hark egin du aurtengo kanta.

Jaia herri askotan

Ehunka herritatik igaroko da Korrika 16. Festa giroa izango da nagusi haietan. Esaterako, Gasteizen Korrika Txikia egingo dute bihar. Legazpin (Gipuzkoa), herri afaria egingo dute apirilaren 4an, Korrika baino lehen.

@Korrika 16ri buruzko gune berezia izango da gaurtik aurrera BERRIAren webgunean:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.