Gaurtik hilaren 26ra bitarte, hamasei euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2022ko martxoan Ibai Aginaga euskal presoari Berangon (Bizkaia) egindako ongietorrian parte hartzeagatik «terrorismoari gorazarre» egitea egozten diete, eta fiskaltzak bi urte eta bederatzi hilabetera arteko zigorrak eskatu ditu haientzat; hain zuzen, zigor eskaera gogorrenetako bat Aginagaren beraren aurkakoa da.
Euskal preso ohia 21Â urteko espetxe zigorra bete ostean atera zen kartzelatik, eta 2022ko martxoaren 13an ongietorri ekitaldi bat egin zioten Berangoko frontoian. Bertan, dozenaka lagun elkartu ziren; berrehundik gora, Auzitegi Nazionalaren arabera.
Horren aurrean, biktimen zenbait elkarte kexu azaldu ziren, eta Villacisneros fundazioak eta Vox eskuin muturreko alderdiak salaketa bana jarri zuten. Ismael Moreno epaileak zuzendu zuen instrukzioa. Hark, lehenik, frontoia erabiltzeko baimena eskatu zuten hiru lagunak auzipetu zituen, baina gerora ikerketa zabaldu eta beste hamabost lagun ere ikertu zituen. Hala, hamasei lagun dira gaurtik aurrera epaimahaiaren aurrean eseriko direnak; kide bat absolbitu egin zuten, eta beste bat prozesuak iraun bitartean hil zen.
Morenoren arabera, «ETAren eta bere kideen terrorismoa goraipatzeko jarduerak» egin zituzten «publikoki eta antolatuta», nahiz eta auto berean adierazi frontoiko leiho eta sarrerak estalita zeudela, eta bertarako sarrera mugatu zutela. Are gehiago, gehitu zuen ekimenak xede zuela ETAren «indarkeria metodoen ideia bizirik mantentzea», eta etorkizunean indarkeria erabiltzeko beharra adierazi zela.
Fiskaltzak, denera, 36 urteko espetxe zigorra eskatu du hamasei auzipetuentzat; baita 171 urteko inhabilitazioa eta 75.000 euroko isuna ere. Kartzela zigorrei dagokienez, horiek luzeak izan ez arren, espetxeratzeko arriskua nabarmena da. Izan ere, auzipetuetatik zortzik aurrez ere kartzela zigorrak bete dituzte.
Horiek hala, auzipetuek uste dute prozesu judizialarekin mezu bat bidali nahi izan duela Espainiako justizia sistemak. «Mezu bat da tinko segitu dutenei bidalia, presoei bidalia: makurtu, edo barrura zoaz berriro», adierazi zion Goiuri Alberdi auzipetuak BERRIAri. Hain zuzen, uste dute epaiketa ez dela ongietorrira mugatzen, eta «herri politiko baten» kontrakoa dela.
Hain zuzen, maiatzaren 30ean manifestazio jendetsu bat egin zuten Algortatik Berangora. Han, auzipetuentzako amnistia exijitu zuten, eta «eskubide zibil eta politikoen defentsan» jarraitzeko asmoa berretsi.