Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak gaur onartu du migratzaileen ezohiko erregularizazioa arautzen duen dekretua. Hego Euskal Herrian, 30.000 lagun inguruk izango dute dekretua baliatu eta euren egoera erregularizatzeko aukera. Bihar, BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ostegunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, ekainaren 30era arte.
Eskaera modu telematikoan edo aurrez aurre aurkeztu ahalko da; eskaera telematikoak ostegunetik aurrera aurkeztu ahalko dira Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren web orrian, baina aurrez aurre egiteko, beharrezkoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea. Hitzorduak eskatzeko epea ere ostegunean hasiko da, eta astelehenetik aurrera egingo diete harrera eskaera aurkeztu nahi dutenei Gizarte Segurantzaren egoitzetan, atzerritarrei arta emateko bulegoetan eta Correoseko zenbait bulegotan.
2025eko abenduaren 31n Hego Euskal Herrian, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Espainian bizi zirenei eragingo die dekretuak, baldin eta gutxienez bost hilabetez jarraian bertan bizi izan badira eta aurrekari penalik ez badute. Espainiako Gobernuak dekretuaren hainbat zirriborro aurkeztu ditu urtarrilaren 26an neurria iragarri zuenetik, eta litekeena da Espainiako Estatu Kontseiluak egindako ohartarazpen eta aholkuen ondorioz aldaketa batzuk sartzea behin betiko dekretuan.
Bizileku eta lan baimena
Baldintzak betetzen dituzten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango diete, eta osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea. Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera ere izango dute. Urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute.
Espainiako Gobernuak dekretuaren hainbat zirriborro aurkeztu zituen urtarrilaren 26an neurria iragarri zuenetik, eta behin betiko dekretuan aldaketa batzuk sartu ditu, Espainiako Estatu Kontseiluak egindako ohartarazpen eta aholkuak aintzat hartzeko. Aldaketa horietako bat aurrekari penalen inguruko agiriari buruzkoa da. Lehenengo zirriborroan aurreikusi zutenez, eskaera egiten zuenak sinatutako adierazpen bat nahikoa izan zitekeen aurrekari penalik ez duela frogatzeko, baina Estatu Kontseiluak «desegokia» eta «erlaxatuegia» iritzi zion neurri horri. Behin betiko dekretuan bidea gogortu du Gobernuak; orain, eskaera egiten duenak beharrezkoa izango du aurrekari penalik ez duelako ziurtagiria aurkeztea. Hilabeteko epea izango du agiri hori bere jatorrizko herrialdeari eskatzeko, baina lortzen ez badu, Espainiako administrazioa arduratuko da agiri hori bide diplomatikoetatik eskatzeaz.
Hiru hilabete igaro ostean agiri hori iritsiko ez balitz, eskaera egiten duenak beste hamabost eguneko epea izango luke papera lortzeko, eta aurkeztu ezean erregularizazio prozesutik kanpo gera daiteke. Edonola ere, dekretuan zehaztu dute agiri hori ezin aurkeztea ez dela eskaera automatikoki baztertzeko arrazoia; kasu horietan, Ministerioak baloratuko du pertsona hori «ordenerako, segurtasunerako, osasunerako edo Europako Batasuneko estatuen nazioarteko harremanetarako» mehatxua ote den.
Halaber, egoera irregularrean dauden guztiak «zaurgarritzat» jotzen zituzten hasierako zirriborroan, uste baitzuten paperik ez edukitzea bazela aski motibo egoera zaurgarrian daudela pentsatzeko. Neurri hori ere aldatu egin da, Estatu Kontseiluak ez baitzuen begi onez ikusi, eta orain beharrezkoa izango da gizarte erakunderen batek sinatutako agiri bat aurkeztea, migratzailea egoera zaurgarrian dagoela frogatzeko.