‘Gaur8’-ren «patxada» aldarrikatu dute

Larunbatean milagarren zenbakia argitaratuko du 'Gara'-ren euskarazko astekariak; ekitaldia egin dute Errenterian, hori ospatzeko.

'Gaur8'ko zuzendari Amagoia Mujika Telleria, 'Gara'-ko zuzendari Iñaki Sotorekin batera, argazki erakusketari begira. JON URBE / FOKU
'Gaur8'ko zuzendari Amagoia Mujika Telleria, 'Gara'-ko zuzendari Iñaki Sotorekin batera, argazki erakusketari begira. JON URBE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko urriaren 15a
19:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela 1.000 aste, 2007ko martxo hasieran non zeuden galdetu die Amagoia Mujika Telleriak aretoan daudenei. Gara egunkariaren Gaur8 astekaria martxan jartzen ari zen taldearen parte zen bera: «Mundua euskaraz kontatu nahi zuen astekaria, zintzotasunez, zorroztasunez eta patxadaz». Larunbatean milagarren zenbakia argitaratuko dute, eta zifra biribil hori ospatu dute gaur arratsaldean, Errenteriako Lekuona fabrikan (Gipuzkoa) egindako ekitaldian. Zorion eta esker mezuen artean, kazetaritza egiteko molde bat aldarrikatu du Mujikak, astekariaren zuzendariak: «Duela mila aste ez genekien zenbateraino galduko genuen patxada, eta nola hitz hori iraultzaile bihurtuko zen. Iritzi kritikoak sosegua behar du: hori ondo dakite mundua zuri edo beltz saldu nahi digutenek. Mila zenbakiren ondoren argi dugu patxadaren eta iritzi pausatuaren lurra zan nahi dugula».

Bidelagun izandakoek babestuta, ekitaldi jendetsua egin dute Gaur8-ko kideek; besteak beste, Olatz Salvadorren musika eta Mirari Martiarenaren umorea izan dute. «Euskal Herriaren memoria grafikoaren lagin bat» ere jarri dute ikusgai, Juantxo Egaña argazkilariak urteotan Behatxulotik atalean aztertu dituen argazkiekin erakusketa bat osatu baitute.

Amaierako hitzaldian, Mujikak nabarmendu du astekariaren hemeroteka «euskarazko testu zoragarrien bilduma bat» dela, baina aitortu du hasieran izan zutela zalantzarik: «Bagenuen kezka bat: topatuko al dugu mundua euskaraz kontatuko digun ahotsik? Dagoeneko ez dugu batere kezkarik. Poz konstante bat izan da ikustea zenbat jende ari den bere arloan zorroztasunez eta euskaraz lanean. Sekulako herria daukagu».

1.000 leiho, mundu bat lelopean ari da astekaria bere bidea ospatzen. «Jende asko ari da lanean Euskal Herria bizigarriagoa, euskaldunagoa eta askeagoa izan dadin. Mila leiho aipatu ditugu, pertsona bakoitza leiho bat izan delakoan. Munduari bestearen leihotik begiratzea osasuntsua baita», azaldu du Mujikak. Ekitaldira gerturatu dienei ere leiho bat eman diete opari, iman gisara, hozkailuan jartzeko, eta horrekin batera, promesa bat egin du zuzendariak: «Jarraituko dugu leihoak zabaltzen, nahiz eta kanpoan ekaitzak gogor jo».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA