Koronabirusa

Gaurtik aurrera derrigorrezkoa da maskara Nafarroan

Gauerdian sartu da indarrean foru agindua, eta hamabi urtetik gorakoek derrigorrez jantzi beharko dute maskara. Betetzen ez badute, 100 euroko isuna jarriko diete. Eskoletarako, araudi espezifiko bat adostuko dute.

Jendea Iruñean, musukoa jantzita. IÑIGO URIZ / FOKU
Maider Galardi
2020ko uztailaren 17a
11:10
Entzun

Dagoeneko, derrigorra da maskara erabiltzea Hego Euskal Herri osoan. Gauerdian sartu da indarrean Nafarroako foru agindua, eta hamabi urtetik aurrerakoek maskara jantzita eraman beharko dute espazio ireki eta itxietan, nahiz eta metro eta erdiko segurtasun distantzia bermatu. Agindua ez betez gero, 100 euroko isunak jartzea ere aurreikusi dute agintariek.

Azken asteetan gora egin dute koronabirusagatik kutsatutakoek —atzo 80 kasu gehiago jakinarazi zituzten Hego Euskal Herrian—, eta tokian tokiko gobernuak ari dira neurriak hartzen katea eteteko. Nafarroan, esaterako, maskara derrigorrezkoa izango da gaurtik aurrera, eta beste zenbait neurri ere hartu dituzte, jende pilaketak ekiditeko asmoz. Era berean, atzo ohartarazi zuen Nafarroako Gobernuak kutsatze gehienak gazteen artean gertatzen ari direla, eta, horregatik, «zentzuz eta arduraz» jokatzeko deia egin zuen.

Normaltasun berria delakoan, egoeraren arabera ari dira moldatzen agintariak, eta maskararen erabilera ere arautu dute orain. Edonola ere, hainbat unetan edo egoeratan kentzea baimendu dute. Besteak beste, sei urtetik gorako haurrek ere jantzita eraman behar zutela agindu zuten aurrena, baina, orain, hamabi urtetik aurrerakoek jantzi beharko dute. Arnasketa arazoak dituztenek edo bestelako patologiaren bat dutenek ere ez dute etengabe derrigor jantzi beharko.

Noiz bai eta noiz ez

Oro har, espazio publikoetan eta itxietan, maskara jaztea derrigortu dute Nafarroan. Baina hainbat salbuespen ere zehaztu dute, nahiz eta erabilera orokorra gomendatu duten. Elikagaiak jatean edota edatean, maskara ken daiteke, baita kirola egitean ere —segurtasun neurriak errespetatzen badira—. Kirol instalazioetan, ordea, gune komunetan derrigorrekoa izango da maskara jantzita eramatea.

Hala, igerilekuetan edo bainu lekuetan, nola mendian —eskalada, txirrindularitza, mendi ibilbideak...— metro eta erdiko distantzia mantentzen bada, kendu ahal izango dute maskara, baita lantokietan ere.

Horrez gainera, espazio pribatuetan ere arduraz jokatzeko eskatu dute agintariek. Horregatik, gomendatu dute familia nukleo diferenteetako jendea elkartzean ere maskara jartzeko eta segurtasun distantziak mantentzeko. Eskolei dagokionez, zentroaren arabera eta egoeraren arabera arautuko dute arau espezifiko bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.