Hiru urte pasatu dira Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Tomas Akinokoa lizeoko Agnes Lassale espainol irakaslea hil zuenetik ikasle batek. Gazteak 19 urte ditu orain, baina Paueko Adingabeen Auzitegian epaituko dute halere (Okzitania), orduan 16 urte baizik ez baitzituen. Gaurtik ostiralera izanen da auzia, ateak hetsirik.
2023ko otsailaren 22an gertatu zen hilketa, asteazken goizez, 10:00ak aldera, Donibane Lohizuneko lizeo pribatu katolikoan: biktima oso larri zegoen sokorri zerbitzuek artatu zutenean, eta handik gutxira hil zen. Agnes Lassalle zuen izena, 52 urte zituen, eta ikastetxe horretan irakasten zuen 1997. urteaz geroz.
Gertakariaren egunetik beretik hilketa gisa ikertu dute erasoa, erasotzaileak labana handi bat baitzuen eskola zakuan, paperean bildua; hots, aitzinetik pentsatua zuen hilketa egitea.
Ikaskide batzuek kontatu zutenez, eskolaren erdian altxatu zen, eta, deus erran gabe, ikasgelako atea itxi zuen barnetik; irakaslearengana joan zen «lasai-lasai», eta bularrean sartu zion labana. Horraino inoiz ez omen zen arazorik sortu irakaslearen eta ikaslearen artean. Goiz hartan, halere, erasoa aitzin, hitz xelebreak egin zizkien ikaskideei: «ahotsak entzun» zituela erran zien, eta norbait beraz «jabetu» zela.
Arazo psikiatrikoak
Hilketaren biharamunean berean, Baionako orduko prokuradore Jerome Bourrierek prentsaurrekoa egin zuen, eta gaztearen buru osasunari buruzko xehetasunak eman. Gorabehera handiak izandakoa da, eta, Baionako komisarian egin zioten galdeketan, deklaratu zuen «min egitera bultzatzen duen ahots egozentriko eta manipulatzaile batek» bultzatu zuela.
Erasoaren biharamun hartan, 16 urteko gaztea «shock egoeran» omen zen egindakoagatik. Prokuradoreak mutikoaren bizian izandako «nahasmenduak» ere aipatu zituen: aurreko ikastetxe batean eskola jazarpena pairatu zuen, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen 2022ko urrian, hots, hilketa gertatu baino sei hilabete lehenago; psikiatria baten laguntza ere bazuen, eta depresioaren kontrako tratamendua hartzen ari zen.
Auzibidearen erronka nagusia, beraz, gaztearen arazo psikiatrikoez erabakitzea izan da. Hain zuzen ere, nerabearen arazo psikiatrikoetan oinarritua dute defentsa. Orotara, hiru psikiatria azterketa egin dizkiote gazteari, deliberatzeko zer heinetakoa duen hilketaren erantzukizuna. Lehenean, 2023ko maiatzekoan, erabaki eta ardura osoa gaztearena zela ebatzi zuten. Bigarrenean, 2024ko apirilekoan, ñabardurak gehitu zizkioten lehenari: eskola jazarpena, depresioa, antsietatea eta tratamendu psikotropiko bat aipatu zituzten. Hirugarrenean, 2024ko azarokoan, gaztearen «oharmenik eza» azpimarratu zuten: antsietate larria, suizidio saiakerak eta gertakari psikotikoak aipatu zituzten.
Baina Baionako prokuradoreak hasieratik erran zuen, buru osasuneko arazoak izanik ere, erasotzaileari erantzukizun penala halere egozten ahal zaiola. Eta, iazko urtarrilean, ikaslea erailketagatik epaitzeko eskatu zuen Baionako Fiskaltzak.