Urte hasiera zaila izan dute Nafarroako euskarazko hedabideek. Diru laguntzak kendu dizkie gobernuak, eta egoera larrian utzi. Sakanako Guaixe astekariaren eta Beleixe irratiaren kasua hori da. Herritarrei egindako deia ari da erantzuna izaten, hedabideen ardura duen Bierrik fundazioko buru Ainhoa Urretagoienak (Ordizia, Gipuzkoa, 1985) dioenez.
Nola dator 2012. urtea?
Zulo ekonomiko handiarekin hasi dugu, diru laguntzen kontuarengatik. Orain bi hilabete jakin genuen aurten ez dugula laguntzarik jasoko Nafarroako Gobernutik. Gure iturrietako bat diru laguntzak dira; Nafarroako Gobernuarena desagertu egin da, eta Jaurlaritzarena, murriztu. Bierrik fundazioaren aurrekontuaren %40 inguru ziren laguntzak; aurten,%25. Irabazi asmorik gabeko fundazio bat gara eta hedabideen alorrean ari gara, eta handia da zulo ekonomikoa. Iragarpenak eginda zeuden, diru laguntzak izango zirelakoan; bertan behera geratu dira, eta zailtasun handiak dauzkagu gure etorkizuna bermatuko dela jakiteko.
Nafarroako Gobernuarekin hitz egiteko aukerarik izan duzue?
Ez digute aukera askorik eman, egia esan. Topaguneko kideek eta guk geuk izan ditugu harremanak Euskarabidearekin eta alderdi politikoekin. Baina zailtasunak izan ditugu. Ez digute kasu handirik egin. Krisiaren aitzakian ezer egiterik ez dagoela esan digute. Itxaropen gutxi daukagu.
Krisia «aitzakia» dela diozu.
Krisirik ez zegoenean ere euskarazko hedabideei oso diru sail txikia ematen ziguten, eta, orain, batere ez. Uste dugu bestelako erabaki bat izan dela, politikoa. Gure eskualdean eta beste hainbatetan zerbitzu oso garrantzitsua ematen diogu gizarteari. CIES etxearen inkesta atera da. Nafarroako Gobernuak berak eman ditu datuak eskualdeka: nafarren erdiek baino gehiagok irakurtzen dute tokiko prentsa. Sakanaren kasuan, euskarazkoa %70ek irakurtzen dute. Datu horiekin, harrigarria da gobernuak ez babestea. Gainera, eskatzen dugun diru saila oso txikia da. Gaztelaniazko telebistei ematen dienetik zatitxo bat euskarazko hedabideei eta euskaraz zerbait argitaratzen dutenei ematea, hizkuntz normalizaziorako eta euskararen egoera babesteko. Legeak dio hori.
Gaztelaniazko hedabideei laguntzen segituko baitute.
Murrizketak jasan dituzte, baina gauza bat da murriztea, eta beste bat laguntza desagertzea. Oso muturrekoa eta larria da gurekin egin dutena. Euskararen kontuagatik egin dutela uste dugu.
Laguntza eske jo duzue kalera.
Hainbat kanpaina hasi ditugu: finantzaketa iturri berriak jorratu nahi ditugu, eta dirua biltzeko kanpaina bat ere jarri dugu martxan. Hainbat ekimen antolatu dituzte. Harrituta geratu gara harrerarekin. Jendeak oso beharrezko ikusten du gure lana. Abian jarri dugu laguntzaile txartel bat; eskualdeko dendetan deskontuak izango dituzte bazkideek. Eginahaletan ari gara. Aurten 2.000 bazkidera iritsi nahi dugu.
Jendearena badaukazue, baina horrelako proiektuek egin dezakete aurrera erakundeen babesik gabe?
Hori da gure zalantza. Ikusten dugu jendeak ondo erantzuten duela, baina hori ezin da izan betirako kontua. Une larri batean laguntza ematen dugu denok, baina ezin da izan betirako. Gurearen gisako proiektu batek izan beharko luke administrazioaren babesa. Diru laguntzez gain, beharko litzateke itun bat hainbat urterako gure jarduna bermatzeko.
Gobernuak beste nolabait lagundu ahalko luke, publizitatea jarriz edo.
Aztertu izan dira horrelakoak, baina oraingo jarrera ez da baikorra. Beste bide batzuk badaude, bai. Publizitateari dagokionez, eskatzen dugu beste hedabideei ematen zaien tratu bera. Logikoa da. Gainera, interesatuko zaie: gizartean harrera hain ona badu eta hainbeste irakurle baditu, publizitatea egitea interesatuko zaie, jende gehiagorengana iristeko. Hor egon beharko luke laguntza.
Nafarroako Gobernuak kendu ditu laguntzak, eta Jaurlaritzak, jaitsi. Udalen ekarpenak zertan dira?
Egoera ez da batere ona, baina, hala ere, gure kasuan laguntzei eutsi dien bakarra udalak dira, Sakanako Mankomunitatea. Iaz murrizketa txiki bat jasan genuen, baina aurten ez dugu gehiago izango. Bermatu digute laguntza. Babes hori behintzat jasoko dugu. Garrantzi handia eman diote horri.
Eta ezin baduzue aurrera egin?
Ez dakigu zer gertatuko litzatekeen. Desagertuko bagina, sekulako eragina izango luke. Informazio aldetik, jendea oso ohituta dago, eta faltako luke. Euskararen aldetik ere egiten dugu lana: informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzen dugu, eta euskaraz ez dakitenekin aritu gara, alfabetatzen, poliki-poliki. Hori desagertzea kolpe handia litzateke. Ez dugu imajinatzen Guaixe eta Beleixe gabeko Sakana.
Ainhoa Urretagoiena. Bierrik fundazioko arduraduna
«Gauza bat da murriztea, eta beste bat laguntza desagertzea; oso larria da»
Sakanako 'Guaixe' astekariak eta Beleixe irratiak larrialdi deia jo dute: Nafarroako Gobernuak ez die lagunduko, eta larri dira. Herritarren erantzunarekin harro da Urretagoiena arduraduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu