Hilabete beteko da etzi AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Donostiako Guardetxea eraikina okupatu zuela. Halere, mugimenduak behin eta berriz ohartarazi du «etxegabetze arriskuan» daudela. Hain justu, arrisku horren aurka protesta egitera joan dira gaur hainbat lagun Donostiako Udaleko maiatzeko osoko bilkurara. Saioak aurrera egin ahala tentsioak gora egin du: udaltzaingoak gazte bat atxilotu du, eta gutxienez beste hiru identifikatu ditu, AZGAk jakinarazi duenez. Europa Press berri agentziaren arabera, berriz, lau udaltzain ere zauritu dira.
Parte Zaharreko mugimenduak eman du lehenbizi gertatutakoaren berri, sare sozialen bidez. Nabarmendu dute bi helburu zituztela bertaratu direla udalaren osoko bilkurara: «Auzoko hamalau eragileen izenean egindako bilera eskaera berresteko eta Guardetxea auzoarentzat izan dadila eskatzeko». Salatu dutenez, udaltzainek «kolpeka» jaso dituzte; are, jakinarazi dute gazte baten telefonoa «lapurtu» dutela.
🚨 ADI!
— 𝗔𝗭𝗚𝗔 (@azgazteak) May 29, 2025
Gaur Udal Plenora bertaratu gara auzoko 14 eragileen izenean egindako bilera eskaera berretsi eta Guardetxea auzoarentzat izan dadila eskatzeko. Munipek kolpeka atera gaituzte Udaletxetik!
GAZTE BAT ATXILOTU DUTE eta beste hiru identifikatu!
Errepresiorik ez! ⬇️ https://t.co/cerDNeWqE7pic.twitter.com/h6buooVdoo
AZGAk elkarretaratze bat antolatu du gertatutakoa gaitzesteko: 19:30etarako egin du deia, Amara auzoko polizia etxean. EH Bilduk ere salatu du gertakaria, ohar baten bidez: «Harritu gaitu Udaltzaingoaren erantzun irmo eta berehalakoak, alkateak aldez aurretik ohartarazi gabe. Gure ustez, ekidin zitekeen erantzuna». Horrez gain, nabarmendu du ezinbestekoa dela osoko bilkuraren ardura duenak «lasaitasunez, herritarrekiko errespetuz eta nahi ez diren egoerak saihesteko» bitartekari lanak eginez jardutea.