Atzo goizaldean 27 urteko iruindar bat hil zen Nafarroako hiriburuko Alde Zaharrean, eraikuntza aldamio batetik erorita. Polizia zer gertatu den ikertzen ari da. Dindatxikia kalean hil zen gaztea, 03:40 inguruan. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, gizona lagun batekin zegoen. Laguna etxera sartu zen, eta gizona aldamiora igo, nahiz eta oraindik ez duten argitu zergatik. Lagunak, berriro kalera atera zenean, lurrean aurkitu zuen.
Iruñeko Udaltzaingoak gaztea hilik zegoela ziurtatu ondoren, haren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko. Espainiako Poliziak hartu du ikerketaren ardura, eta lehen zantzuen arabera, istripu bat izan zen. Gizona Txantrea auzokoa zen, eta Gazteluko plazako taberna batean egiten zuen lan.