Bi gazte hil eta beste bi zauritu dira Okondon, Araban, auto istripu batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 1:00 inguruan gertatu da, A-3632 errepidean, Okondo parean; ibilgailu bat errepidetik irten da, eta iraulita geratu da.
Lau gazte zihoazen barruan; bi gizon eta bi emakume, 17 eta 19 urte bitartekoak denak. Autoaren gidaria istripua gertatu den lekuan bertan hil da, eta gainerako hirurak erietxera eraman dituzte; horietako bi, larri zaurituta. Goizean jakinarazi dute larri zaurituetako bat ere hil dela. Okondokoak ziren bi hildakoak, eta alkateak azaldu du herrian lur jota daudela gertatutakoarekin. Udalak ezohiko udalbatzara deitu du gaur arratsalderako, herrian hiru eguneko dolua ezartzeko.
Errepidea moztuta eduki dute gauean, eta 5:30 aldera zabaldu dute berriro.