Egitasmoaren bozeramailea

Elur Zarraga: «Gazte eraldatzaile euskaldun eta feministena ere bada Bilbo»

Lasterka Askatasunera egitasmoa hirugarren urtez egingo dute Bilbon, ekainaren 6an. Independentziaren eta aisialdi eredu alternatibo baten aldeko aldarria egiteko hiriko kaleak hartuko dituzte gazteek.

Elur Zarraga, ekimeneko bozeramailea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Elur Zarraga, ekimeneko bozeramailea. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirola eta independentziaren aldeko jarduna. Bi alor horiek uztartzen ditu ekainaren 6an Bilbon egingo den Lasterka Askatasunera egitasmoak. Hirugarren urtez antolatu dute lasterketa, eta, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeaz gain, aisialdi eredu alternatiboak eraikitzea dute helburu. Elur Zarraga (Mungia, Bizkaia, 2002) proiektuaren bozeramaileak azaldu duenaren arabera, «herritik eta herriarentzat» sortutako proiektua da. Lasterketan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 3ra arte, eta hamar kilometroko arineketan parte hartu nahi ez duten herritarrek aukera dute bost kilometroko martxa egiteko ere.

Lasterka Askatasunera egitasmoa hirugarren aldiz egingo duzue aurten. 

Ilusio handiz hartu dugu hirugarren urte hau. Joan den urtean berretsi genuen egitasmoak bere horretan jarraitu behar duela, eta apustu esanguratsu bat dela Bilborentzat eta hirigunearentzat. Aurten ere, jarraituko dugu aldarri independentista hirian zabaltzen.

Antolaketari dagokionez, ordea, hirugarren urte honetan aldaketak egin dituzue. 

Egia da antolaketak garapen bat eduki duela. Lehenengo bi urteetan, gazte konpartsen bidez egin dugu, baina, joan den urtean, konturatu ginen gazteak konpartsetatik haratago ere badaudela eta ingurune anitzetan biltzen direla. Beraz, aurten, gazte konpartsetara ez ezik, gazteak antolatzen diren eremu guztietara ere zabaldu nahi izan dugu egitasmoa; besteak beste, herrietako gazte taldeekin eta kirol taldeekin egon gara harremanetan, talde horiek baitira auzo eta herrietako errealitatea ezagutzen dutenak. Ez zitzaigun zentzuzkoa iruditzen dena herrialdeko lantalde orokorretik koordinatzea lekuan lekuko taldeak daudenean. Olagarro batek bezala, garroak herri guztietan izan behar ditugu. 

Aldaketak aldaketa, zer aurreikusten duzue aurtengo lasterketari begira?

Aurtengo lasterketa berezia da, profesionalizazioaren aldeko apustua egin dugulako. Gazteria horrelako proiektuak antolatzeko gai dela erakutsi nahi dugu, Lasterka Askatasunera errotuta dagoela eta Bilboko kaleak gazteonak ere badirela. Aurreko aldietan 500 pertsona inguruk eman dute izena, eta gure asmoa da kopuru hori mantentzea.

«Aurten, gazte konpartsetara ez ezik, gazteak antolatzen diren eremu guztietara ere zabaldu nahi izan dugu egitasmoa»

Aurreko urteetan maiatzaren erdialdean egin duzue lasterketa, baina ekainaren 6ra atzeratu duzu oraingoan. 

Konturatu ginen maiatzaren erdialde horretan Zegama-Aizkorri mendi maratoiarekin bat egiten zuela, eta ez genuen elkar oztopatu nahi. Horregatik erabaki genuen bi aste inguru atzeratzea eta lasterketa ekainera igarotzea. Batxilergoko ikasleek ere egun horietan bukatzen dute selektibitatea, eta data aproposa iruditu zitzaigun.

Orain artean aisialdi eredu alternatibo bat eratzea izan duzue aldarrikapen nagusi. Aurten ere saiatuko zarete eredu hori eskaintzen?

Lasterka Askatasunera ideia nagusi batzuetatik jaio zen, eta aisialdi eredu alternatibo bat sortzea da gako horietako bat. Ohituta gaude gazte egunean edo festaren inguruan elkartzen, baina uste dugu gazteak beste eremu batzuetan batu gaitezkeela. Lasterketa antolatzeak badu bere xarma, eta asko ikasten da; gainera, kirol arloan ere aldarrikapen asko egin daitezke. Guk lau haizeetara aldarrikatu nahi dugu independentzia erdigunean jartzen duten gazteak badirela, gure herrian sinesten dutenak, eta askatasunerantz lasterka egin nahi dutenak.

Kontsumo basatiari uko egitea ere bada eredu horren gakoetako bat. 

Lasterketaren eguneko egitarauan ikus daiteke hori. Azokan eta sari banaketan bertako produktuak lehenetsi ditugu, eta saiatu gara babesleak ere ahalik eta lokalenak izaten. Elkarlan polita lortu dugu, eta nabaria da egitasmoa herritik eta herriarentzat sortu dela. 

Lasterketa Bilbon antolatu duzue aurten ere. Zer dela eta?

Bilbon egitea erronka handia da. Saldu nahi digute Bilbo kapitalismoaren eta kontsumoaren hiria dela, eta hein batean hala da; baina gazte eraldatzaile, euskaldun eta feministena ere bada Bilbo. Auzoetan ehun komunitarioa dago, herrigintzan eta auzogintzan jarduten duena eta hiri eredu alternatibo baten alde lanean dabilena.  

«Lau haizeetara aldarrikatu nahi dugu independentzia erdigunean jartzen duten gazteak badirela»

Independentziaren aldeko borroka eta korrika egitea bateratzen ditu egitasmoak. Baina lasterka egitea ez da parte hartzeko modu bakarra. 

Argi geneukan Lasterka Askatasunera ez dela beste lasterketa baten antzekoa, eta, hamar kilometroko korrikaldiaz gain, beste formatu bat eskaini behar genuela. Gazte asko daude kirolariak ez direnak, askotariko gorputzak dituztenak, eta oso zaila da guztiontzat egokia den eskaintza bakar bat egitea. Horregatik, bost kilometroko martxa bat egiteko aukera ere badago. Gure herria askotarikoa izanik, parte hartzeko moduak ere halakoa izan behar du. 

Egitasmoa gazteek antolatua da, baina gazteek soilik parte har dezakete? 

Antolakuntzan gazteak gaude, gure helburua subjektu aktiboak garela erakustea baita. Baina egitasmoa zabalik dago Euskal Herriaren alde mugitu nahi den ororentzat. Ez da proiektu itxi bat, guztiz kontrakoa, ahalik eta pluralena izatea nahi dugu. 

Salatu duzue Bilboko Udalak zuen egitasmoa oztopatu duela lasterketa antolatzen hasi zinetenetik. Aurten zelakoa izan da harremana?

Honek lotura du hirigunean horrelako egitasmo bat antolatzearen zailtasunekin. Erronka bat da oraindik ere, nahiz eta hirugarren urtea izan. Lasterka Askatasunera Bilbon errotzen hasi da, baina nabaria da udalak zenbait traba jartzen dizkigula. Oraindik ez dugu lortu errepideak ixtea, eta espaloian egin behar dugu korrika. Harremanak hoberantz egin du, baina Bilboko Udalak ez du uste egitasmoa serioa denik, eta ez du ikusi nahi proiektuak daukan potentzialtasuna. Guk horri aurre egiten diogu, Bilbon egitea delako gure apustua. Ez dugu baztertzen hiriguneko beste herri batzuk arakatzea, baina udalak gure proposamena aintzat hartu arte behintzat, gure jarduna Bilbon zentratuko dugu.

Egitaraua


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA