Apirilaren 16an hasiko da epaiketa, eta bi egun lehenago, apirilaren 14an, manifestazioa egingo dute Iruñean. Deialdi horrekin bat egin dute Nafarroako hainbat gazte mugimenduk, eta agirian "elkartasun eta animo guztia" azaldu diete zortzi gazte auzipetuei eta euren senide eta lagunei.
Gaur eguerdian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko El Sario eraikinean agiria irakurri dute Cristian Cervilla EGI-Gazteok Bai taldeko kideak eta Ana Puertas Eraldako kideak. Euren alboan Garat Gaztelu EH Bilduko Gazteen ordezkaria eta Irene Otal Nafarroa Orain taldekoa eta atzean Ernai, Gazte Komunistetako ordezkariak. Gainera, beste hainbat kolektibok izenpetu dute agiria, hala nola Ortzadar, Mugatuz, Erriberriko Oihua, Erriberako gazteak, gazte asanbladak...
2016ko urriaren 15eko goizaldean izandako gertakariak terrorismo delitupean tipifikatzea eta auzia Auzitegi Nazionalak hartzea gaitzetsi dute. Era berean, fiskaltzak eskatutako zigorrak "zeharo neurrigabe eta justifikaziorik gabekoak" direla deritzote. "Halber, kasua politizatzeko eta izaera terrorista emateko sektore jakin batzuetatik egondako interes handia gaitzetsi nahi dugu ere". Altsasuko herriak erakutsitako elkartasuan eta gaitasun mobilizatzailea txalotu dute.