Gipuzkoako Sahararren Elkarteko presidentea

Adnan Dahi: «Gazte sahararrak etsita daude, itsaso zakarrean patera bat hartzeraino»

Mohamed Lamin Hamdi errefuxiatu sahararra Mediterraneo itsasoan ito zen Euskal Herrira iristeko ahaleginetan. Dahik ohartarazi du borrokan jarraituko dutela sahararren autodeterminazio eskubidea aitortu arte.

Adnan Dahi, Euskal Herrira bidean itotako Mohamed Laminen argazkia eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Adnan Dahi, Euskal Herrira bidean itotako Mohamed Laminen argazkia eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
14789412 kepa
2026ko otsailaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astebete eskas igaro da Mohamed Lamin Hamdi errefuxiatu sahararraren heriotzak Antzuola (Gipuzkoa) astindu zuenetik. Mediterraneo itsasoak irentsi zuen, Euskal Herrira bidean zela. Hala ere, Adnan Dahi Gipuzkoako Sahararren Elkarteko presidenteak ez du istriputzat hartzen: Espainiako Kontsulatuak bisa ukatu ostean, bidaia arriskutsu horri ekitea erabaki zuen Laminek. Izan ere, basamortuan, Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetan bizi diren gazte sahararrak «etsita» daude, ez baitaukate beren bizitza proiektuak aurrera ateratzeko baliabide nahikorik. Bitartean, Europako Saharar Diasporak diru bilketa abiatu du Laminen gorpua kanpalekuetara bidali ahal izateko: Bizum bidez egin daitezke ekarpenak, 624383873 telefono zenbakian.

Zergatik aukeratu zuen Mohamed Laminek Euskal Herrira iristeko biderik arriskutsuena?

Denboran asko luzatu da [Mendebaldeko] Sahararen gatazka, eta ez dirudi inori axola zaionik konponbide bat aurkitzea. Hori gutxi balitz bezala, errefuxiatu sahararrek jasotzen duten nazioarteko laguntza %56 apaldu da azken urtean, Donald Trump [AEBetako presidentea] boterera iristearekin batera. Ilargi Gorriak ere ohartarazi zuen egoeraren larritasunaz. Hori guztia errefuxiatu komunitate osoaren kalterako da, baina batez ere gazteek sufritzen dute gehien, ez baitute beren bizitza proiektuak aurrera ateratzeko aukerarik ikusten. Aljeriako Muaskar hiriko Mustapha Stambouli unibertsitatean elkar ezagutu genuen Mohamedek eta biok. Behin baino gehiagotan eskatu zuen bisa, eta Espainiako Kontsulatuak ukatu zion. Ez zioten beste aukerarik utzi.

Egoera ikusita, saharar errefuxiatu gehiago ahaleginduko dira Mediterraneoa zeharkatzen?

Baietz esango nuke. Besteak beste, Mali, Senegal eta Mauritanian berdin gertatzen ari da. Hangoek, ordea, Kanaria uharteetarako bidea hartu ohi dute. Bisa eskaerak atzera botatzen hasi direnez, litekeena da saharar errefuxiatu gehiago pateretan ontziratzea.

«Bisa eskaerak atzera botatzen hasi direnez, litekeena da saharar errefuxiatu gehiago pateretan ontziratzea»

ADNAN DAHI Gipuzkoako Sahararren Elkarteko presidentea
Antzuola zuen helmuga Laminek. Zergatik?

Hala da. Antzuolan min handia eragin zuen Mohameden heriotzak. Lagunak zituen bertan, eta haiekin bizitzera joateko gonbita egin zioten. Zoritxarrez, ez zuen lortu helmugara iristea. Larunbateko elkarretaratzean Mohamed Fadel Fronte Polisarioaren [EAEko] ordezkariak ere parte hartu zuen, baita inguruko herrietako sahararren ordezkariek ere.

Sahararrak ongi etorriak izan dira betidanik Euskal Herrian, ezta?

Hasiera batean, Espainiara joatea erabakitzen zuten errefuxiatu askok, besteak beste hizkuntzagatik. Izan ere, Sahara urte askotan egon zen Espainiako Estatuaren menpe. Euskal Herriaren borroka ezagutu zutenean, ordea, iritziz aldatu zuten. Seguruago sentitzen dira euskal herritarren artean.

Euskal Herritik zer egin daiteke errefuxiatu sahararrek halakorik egin behar ez izateko?

Fronte Polisarioak aspaldi esan zuen, eta orain gutxi Ilargi Gorriak baieztatu egin du: sahararrak nazioarteko laguntzaren menpe daude erabat. Gazteak eta emakumeak dira errefuxiatuen kanpalekuetako kolektiborik zaurgarrienak. Gazteei dagokienez, lan egiteko aukerak behar dituzte, aurrera egiten lagunduko dien soldata duin bat irabazteko. Bitartean, gobernuari [Espainiakoari] presio egiten jarraitzea beharrezkoa da, erbestera joan nahi duten sahararrei bisa uka ez diezaieten. Gazte sahararrak etsita daude, itsaso zakarrean patera bat hartzeraino.

«Espainiako Gobernuak babesik gabe utzi zituen sahararrak 1975ean, lurraldea Marokori eta Mauritaniari emanez. Eta 2022an gauza bera egin zuen, Marokok proposatutako autonomia plana onetsi baitzuen»

ADNAN DAHI Gipuzkoako Sahararren Elkarteko presidentea
Oraingo honetan ere Espainiako Gobernuak du errua?

Espainiako Gobernuak babesik gabe utzi zituen sahararrak 1975ean, lurraldea Marokori eta Mauritaniari emanez. Babesik gabe utzi gintuen. Eta 2022an gauza bera egin zuen, Marokok proposatutako autonomia plana onetsi baitzuen. Izan ere, plan horrek ez du aitortzen saharar herriaren autodeterminazio eskubidea. Sekulako etsipena dago. Hala ere, zera zehaztu nahi dut: Sanchezen gobernuak eman dio saharar herriari bigarren labankada hori, nahiz eta PSOEko kide asko sahararren aldekoak izan.

Mundu osoan gorantz doa eskuin muturra, eta uste duzu horrek eragina izango duela Saharako gatazkan?

Marokoko Gobernuak urteetan immigrazioa erabili izan du Espainiako gobernuari presioa egiteko, eta milaka etorkinek Espainiako muga igaro izanak eskuin muturreko ideiak hauspotu ditu. 2004tik bizi naiz Euskal Herrian. Hala ere, ezin dut ulertu burutik ondo dagoen pertsona batek nola bozka dezakeen eskuin muturraren alde. Politika sozialak eraistea baino ez daukate buruan, eta, jarraitzaileak lortzeko, gezurrak baino ez dituzte erabiltzen. Hala ere, zera nabarmendu nahi dut: ezkerrak gauzak txarto egitearen ondorio bat da eskuin muturraren igoera.

Horren guztia aintzat hartuta, zer egingo du saharar herriak?

AEBek eta NBEk hauspotuta [Maroko, Fronte Polisarioa, Aljeria eta Mauritania] Madrilen egiten dabiltzan negoziazioei adi gaude. Hala ere, argi utzi nahi dut: lurralde okupatuan bizi diren sahararrek, kanpalekuetan daudenek eta erbestean bizi garenok ez dugu amore emango, ez diogu borrokatzeari utziko, Sahararen autodeterminazio eskubidea aitortu eta libre izan arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA