Ernaik gazteen egoerari aurre egiteko proposamenei buruz gogoetatuko du Lezon

Gazteon Eskutik topaketak eginen dituzte datorren hilaren 29tik 31ra bitarte. Mahai inguruak, kontzertuak eta askotariko ekitaldiak izango dira. Sarrerak eskuragai daude.

Gazteon Eskutik egitasmoaren egitaraua aurkeztu du gaur Ernaik. GORKA RUBIO/FOKU
Gazteon Eskutik egitasmoaren egitaraua aurkeztu du gaur Ernaik. GORKA RUBIO/FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 14a
14:30
Entzun

«Egungo garai ilun eta nahasietan beste eredu, ideia eta borrokak» badirela sinetsita, hamaika gogoetagai proposatuko ditu Ernaik Lezon (Gipuzkoa) martxoaren 29tik 31ra bitartean. Gatazka eta eraikuntza feministak, bizitza duinen aldeko udaberria, Palestina, etorkizuna, gazte eszena musikala nahiz pornoa. Hamaika mintzagai izanen dituzte datorren udaberrirako antolatu duen Gazteon Eskutik egitasmoan. Gaur egin dute egitarauaren aurkezpena, joan den abenduan eman baitzuten egitasmoaren berri. Ane Alaba taldeko bozeramaileak adierazi du Loratuko da udaberria izanen dela leloa: «Gazteok izango gara protagonistak, historia kontatu eta egingo dugunak». Egitasmo hori gazteek lehen lerroa hartzeko «mugarria» izanen dela erran du: «Gazteon egoera berriz ere hizpidera ekartzeko, baina ez soilik hori, aurre egiteko proposamen zehatzak eta alternatibak loratuko dira hurrengo hilabeteetan».

«Herri bat dantzan» jarriko dutela ere erran du, eta, horretarako, «belaunaldi berri bati» eskainiko diotela oholtza. Hala, Hofe, Belako, Gainbet, Maflda, Eire, Azken Sustraiak, Ithaka, Zilibito Records, Amooma edo Xiberoots bezalako talde eta bakarlariak egonen dira topaketan.

Musikaz gain, egitarauan egonen dira drag show bat, gazte bazkaria, bertso saioa, gazte sortzaileen azoka eta Porrotxen ikuskizuna. Sarrerak Bibe.eus webgunean eskuratu daitezke, eta aurrez aurre erosten ahal izanen dira hainbat tokitan. Sare sozialen bidez emanen dute xehetasun guztien berri.

Elkarrekin «hausnartu, ikasi eta dantzatzeko» aukera dela azpimarratu du Alabak, eta gazteak parte hartzera gonbidatu, beren eskutik «lora» dadin udaberria. Izan ere, uste dute egungo «garai ilun eta nahasietan» bertze «eredu, ideia eta borrokek» gaitasun eraldatzailea dutela, eta horiek gazteek aurrera eramanen dituztela. Horrez gain, iruditzen zaie gazteen bizi baldintzen inguruko eztabaida zabaldu eta egoerari alternatibak eskaintzeko «borroka ziklo oso bat irekitzeko anbizioa eta indarra» dutela. «Euskal Herrian bizi nahi dugun gazteak gara, eta gazte independentistok asko daukagu esateko», borobildu du Alabak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.