Geroa irudikatzen saiatzeko ahalegin etengabean, Gazte Feministek hemendik aurrerako jardunbidea zehazteko bide orria aurkeztu dute gaur, Hernanin (Gipuzkoa). 230 gazte feminista baino gehiago batu dira goizean egin duten aurkezpen ekitaldian, eta hantxe segitu dute gero ere askok; izan ere, aurkezpenaren ostean bazkaria eta bestelako ekitaldiak izan dituzte. Usu inguruan nagusitzen den iluntasuna gogora ekarri dute gazteek: «etorkizuna eta oraina bera lapurtu» nahi dizkietela sentitzen dute sarriegitan, eta, hain justu ere, uste dute horregatik dela beharrezkoa korapilo horretatik ateratzen laguntzeko bide orri bat. Autodefentsa feminista, transfeminismoa, dekolonialitate eta gazteen indarra izan dituzte horretarako oinarri. Finean, mugimendu feminista «gaztetasunetik» indartzea da helburu behinena. Eta begirada jakin bat baliatuko dute horretarako: Euskal Herria, zapalkuntza sistemek eragiten dituzten oinazeak, autonomia eta aliantzak, eta gazte subjektuaren «potentzialtasuna» uztarturik osatutakoa, hain zuzen.
Gazteen arabera, bide orri berriaren bidez «erresistentzia» egingo diotela egunero «beren kontra» erreproduzitzen den sistemari, eta, modu horretan, inork ez die ebatsiko «bestelako munduak irudikatzeko» gaitasuna. «Eztabaida, hausnarketa eta lan militantearen» emaitza dela esan dute, eta horixe duela ezaugarri nabarmenenetarikoa bat: «Mugimenduan bizi baita feminismoa, bidean egiten baita». Gaur berriz loratu den mugimendua bera 2017an abiatu zela gogoratu dute —Euskal Herriko Neska Gazteak antolatu ziren orduan—, eta ordutik hainbat ahalegin egin dituztela gazteek mugimendu feminista hauspotzeko.
Ondoren, xehatu dute zergatik hautatu duten bide orriko oinarri bakoitza, eta zertarako. Autodefentsa feminista, adibidez, «hainbat modutan» praktika daitekeela azaldu dute. Helburuen artean dute «beldurraren kultura politizatzea»; izan ere, beldurra «kontrol sozialerako» erabiltzen da maiz, haien ustez: «neska eta sexu-genero disidenteak zaurgarri bilakatzeko». Gainera, erasotzaileak «ezezagunak edo salbuespenak balira bezala» irudikatzen dira beti. Hori aldatu beharra dago, haien iritziz: «Gazte feministok indarkeria matxistaren forma guztiei erantzuten diegu, ahaztu gabe bere forma ohikoenak gure eguneroko harremanetan gertatzen direla». Arlo horretan aurrera egiteko, garrantzitsua iruditzen zaie, baita ere, eremuak «feministatzea» eta gorputzak «autodefentsarako» tresna izatea.

Sexu-genero disidenteak
Transfeminismoaren aldeko hautu argia ere egin dute. «Heterosexualitatearen egiturazko funtzio patriarkala ulertu eta borrokatzeko tresnak ematen dizkigu transfeminismoak», gogora ekarri dute. Alor horretan urteotan egin diren aurrerabideak goraipatu dituzte, eta ondorioak eman: «Sexu-genero disidenteok lehen lerroa hartu dugu». Baita horrek ekar ditzakeen onurak ere: «Feminista guztiontzat izan liteke aukera apurtzaile, askatzaile eta estrategikoa transfeminismoa». Horregatik defendatu behar da, haien arabera: «Euskal Herriko mugimendu feministak argi du anti-terfa dela. Eraso guztien aurrean erantzungo dugu, eta ez dugu onartuko feminismoaren izenean hitz egiterik».
«Zapalkuntza guztien aurka» borrokatzeko «uste sendo» horrek bultzatuta, dekolonialitatearen ardatzak ere erabateko zentzua du. Barrura begira jartzen dituela azaldu dute: «Pribilegio zuria ezabatzeko ardurak hartzea dagokigu; bai maila sozialean, bai Euskal Herriko Gazte Feministon sarean ere. Immobilismoan erori gabe, eta, hanka sartuko dugula jakin arren, pausoak emateko erantzukizunez».
Horiek guztiak aintzat hartuta, «motor» izan nahi dute mugimendu feministan gazteek, eta nabarmendu dute Gazte Feministek mugimendu feminista gaztetzen dutela eta gazte mugimendua «feministatzen» dutela: «erradikalizatu, hauspotu eta sendotu» egin nahi dute aurrerantzean ere. Horretarako helduleku izango dute bide orria, Euskal Herriko «oholtza, bilera gela, gaztetxe, asanblada eta piketeetan».