Gaztetxeek eta gazte asanbladek manifestazioa egingo dute gaur zortzi Elorrion

Topaketa egingo dute ostiralean eta larunbatean. Gazteei eskatu diete antolatzeko eta borroka egiteko.

Gaztetxeen eta gazte asanbladen topaketa eta manifestazioa aurkezteko agerraldia, gaur, Elorrion. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gaztetxeen eta gazte asanbladen topaketa eta manifestazioa aurkezteko agerraldia, gaur, Elorrion. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 23a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspaldiko antolaketa modua eta borroka moldea da gaztetxeena. Gizartea aldatu da, egoera soziala eta politikoa aldatu dira, baina gaztetxeek bizirik irauten dute. «Gaztetxeen aldeko borrokak indartsu eta bizirik jarraitzen du», nabarmendu dute gaztetxeetako eta gazte asanbladetako ordezkariek gaur, Elorrion (Bizkaia). Herri horretan bertan elkartuko dira hurrengo asteburuan: topaketa egingo dute ostiralean eta larunbatean, eta manifestazioa larunbatean bertan. Gaztetxeak eta haien lana indartzeko topaketa izango da. Euskal Herriko gazteei eskatuko diete antolatzen eta borroka egiten jarraitzeko. Baita «ikuspegi eraldatzailean» sakontzeko ere.

Gaztetxeen funtzioa azpimarratu dute: «Euskal Herriko milaka gazteren eskola kultural zein politikoa da, herriei zein auzoei proiektu askatzaile bat eskaintzen die, eta, gazteok bizi dugun prekaritate eta ziurgabetasun erabatekoaren gainetik, mundu ikuskera berri bat ematen digu, gizarteko injustizien aurka». Gaztetxeetako ordezkarien arabera, bertan ikasten dute matxismoari, arrazakeriari eta jarrera zapaltzaileei eta baztertzaileei aurre egiten: «Kezka politikoez aritzeko eta eztabaidatzeko esparruak dira, ezinbestekoak indibidualismotik irteteko, gazteok antolatzeko eta antolatzearen garrantziaz jabetzeko».

Hamalau hustu, hamasei okupatu

Zerk kezkatzen ditu? Gerrak, faxismoak, arrazakeriak, eraso matxistek, etxegabetzeek eta Poliziaren errepresioak, besteak beste. Gaztetxeen kontrako «ofentsiba bat» indarrean dagoela uste dute. Haiek emandako datuen arabera, azkeneko bost urteetan hamalau gaztetxe hustu dituzte, poliziek 250 lagun baino gehiago identifikatu dituzte, 50.000 eurotik gorako isunak jarri dizkiete, 30 epaiketa izan dituzte, eta hogei gaztetxetan borroka egin behar izan dute gaztetxea bera babesteko. Euskal Herri guztian, Azkoititik (Gipuzkoa) Galdakaora (Bizkaia), Burlatatik (Nafarroa) Hazparnera (Lapurdi).

Hala ere, ifrentzu horrek badu aurkia ere: azkeneko bost urteetan beste hamasei gaztetxe okupatu dituzte, gaztetxeen aldeko lau borroka «irabazi», eta proiektu berriak abiatu. «Gazteok prest gaude gure eskubide politikoen alde borroka egiteko; ehunka gazte inguratu gara azken hilabeteetako borroka prozesuetara», azaldu dute. «Ezinegon politikoa bizirik dago gugan, formatzeko nahia dugu, eta borrokarako grina ere bai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE